18. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  TestimonioFaltsua »  18. Irudia

Ramon Illarramendi



HEMEZORTZIGARREN IRUDIA



Lehengoak eta Balbino; sartzen da hau oso estutua eta nekatua.



BALBINO On Antonio! Nagusia! Iñaxio! Gauza bat jakin dut orain berriro, eta lasterka etorri naiz berorri adieraztera.

IÑAXIO Zer da gauza hori?

ON ANTONIO Jakin dezagun lehenbailehen.

BALBINO Zer den? Ikusiko dute. Milagro handi batez aditu ditut hitz batzuk eta...

ON ANTONIO Nola aditu dituzu?

BALBINO Esango dut, bada, nagusia; barka liezaieke Iñaxio eta Mariari; ez dute horiek kulparik.

ON ANTONIO Jakin dezagun, bada, zeinek duen.

BALBINO Ez naiz atrebitzen esatera.

ON ANTONIO Gizona, zeren beldur zara? Esan lasai, ezagutu dezagun zein den fanfarroi hori.

BALBINO Bada fanfarroi hori da.... hau ezin esana!

IÑAXIO Gizona, ikarak zaude aitortzeko?

BALBINO Anbrosi da ba! (Denak gelditzen dira harriturik)

ON ANTONIO Zein? Etxeko mirabea?

BALBINO Bera, jauna!

ON ANTONIO Ikusten duzue istilu hau? (Balbinori) Baina Anbrosik kulpa, eta nola zituen nire alabak diruak?

BALBINO Hori esatera etorri naiz; horixe da orain jakin dudana. Goizean joan naiz, berorrek dakien bezala, errotara, eta handik etxera natorrela, ikusi dut Anbrosi ijito antzeko batekin hizketan etxeko pareta kontra. Ni harriturik, nola ez bainuen behin ere inorekin ikusi, pentsatu dut gizongairen bat egin ote zuen: eta jakin nahi handi hura ezin bentzutu nuen, eta joan naiz etxera gordebide batetik. Astoa ukuiluan, bere zakua bizkarrean duela utzi dut, eta igo naiz lasterka, hizketan zeuden pareko leihora. Handik entzun edo jakin ditut tranpa denak.

ON ANTONIO Zer esaten zuten?

BALBINO Esaten zion Anbrosik... «Ederki moldatu gara; ez duzue malezia gutxi. Nola gogoratu zarete? Hauek!...» eta ijito antzeko hark esaten zion... «Ez naiz ni gogoratu; bestea da horrelakoa, demonio guziak berekin ditu. Horrek esan zidan: «aski dugu etxeko mirabearekin konpontzea, eta hark engainatuko du etxeko alaba Mariatxo, eta guk nagusia sotora jaitsarazten dugunean, Mariatxok har dezala kutxan dagoen zakua, eta eraman dezala arroka beltzaren ondora; eta han egon dadila bere anaia Iñaxioren zain». Eta Anbrosik berriz esaten zion: «honezkero ailegatu da bere zakutxoarekin». Hau entzun dudanean, igarri diot zer pasatzen zen; eta lasterka berorren bila atera naiz, eta jakin dut hona etorri dela bi mikeleterekin...

ON ANTONIO Ondo da, ondo da; nahikoa jakin dugu, nik konponduko ditut! Barkatu, bada, jaunak; ikusten duzue azaldu direla lapurrak.

DOMINGO Esaten nuen nik. Hori falso testimoniyua!

ON ANTONIO Egia, Domingo, falso testimoniyua, eta galanta, halere, jaso dut. Bai, esan duzu behin baino gehiagotan hauek ez dutela kulparik. Orain beharra da segituan haiek harrapatzea. (mikeleteei) Zer behar duzue, mutilak? Eskatu nahi duzuena.

ANDRES On Antonio: guk inori ez geniezaioke eskatu ezer ere.

DOMINGO Nik bai, eskatzen diot, On Antonio, Iñaxio eta Mariari ez gehiago gerrarik emateko; eta beren bihotzek diotena lehenbailehen egin dadila.

ON ANTONIO Bai; agudo horien aspaldiko desioa konplitua geldituko da. (mikeleteei) Zoazte presaka lapurrak harrapatzera, eta gu, Joxe... goazen segituan erretore jaunaren etxera, igandean Maria eta Iñaxioren pregoia egin dezala enkargatzera. Zuei eman dizuedan disgustua horrela ahaztarazi nahi dut.

ON ANTONIOK JENDEARI



Testimonio faltsua nien
jaso nik gazte hauei
eta azkenik barkazioa
behar eskatu berei,
zergatikanen beraien kontra
ez den mantxarik ageri,
gaizkitzat nork hartuko zuen
jendeak bekatu hori
horregatikan eskatzen diot
bihotzetikan denei
barkazioa; gaizki egina
aitortu dut eta niri.




(JAISTEN DA BURTINA)



BUKAERA













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org