01. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  Tomax Iñaxio Donostian »  01. Irudia

Ramon Illarramendi



EGINTZA BAKARRA



Iruditegiak, egintza honetako, behar du izan moldatua gisa honetan: Benardoren etxeko gela nagusia; eskuinetara ate bat gelara ematen duela; beste ate bat atze aldetik sukaldera; eta beste bat ezkerretara, kalera ematen duela. Iruditegiaren erdian mahai bat estalpe handi batekin, koadro batzuk eta tinbre bat. Gainerakoa aukeratuko du artezkari jaunak. Burtina altxatzerakoan agertuko dira Andre Joakina eta Prantxiska, gela nagusia moldatzen.



Lehenengo Irudia




Andre Joakina eta Prantxiska





Andre Joakina: Bazter dezagun mahai hau pixka bat, Prantxiska, azpi hori garbitu dezagun.

Prantxiska: Berehalaxe, andrea. (Lagunduaz).

Andre Joakina: Uste dut onena genukeela gauzarik baliotsuenak hemendik gordetzea; zergatik ez naiz fidatzen nire aitarekin; hain da atrebitua...

Prantxiska: Hura ere horrelakoa al dugu?

Andre Joakina: Ez al dakizu zein den? Ez duzue diferentzia handirik ez, zuek biek.

Prantxiska: Ez naiz ni, Jaunari eskerrak, horrelakoa, etxekoandrea.

Andre Joakina: Bai zera! nola izango zara ba? Atzoko suila haustea ere zuk egin behar zenuen.

Prantxiska: Dabilenaren kontuak, etxekoandrea; dabilenaren kontuak... eta dena, mutil zikin bat delako. Gaur ere; pitarra ateratzera jaitsi naizenean behera, han etorri zait mutil deabru hura. Eta zertara? niri burla egitera; ez darabil beste konturik buruan; baina gaur harrapatu izan banu!...

Andre Joakina: Baina zer esaten zizun bada?

Prantxiska: Zer esaten zidan?... esango diot bada etxekoandrea. Askotan bezala, azaldu du atearen ertzean bere mutur zimur hura; eta hasi zait berehala... Prantxiska koipe! Prantxiska koipe! eta nik, utzi pazientzian. Oraintxe ireki dut kanilaren giltza, ez zen isiltzen. Prantxiska koipe! Prantxiska koipe! eta ni, etxekoandrea... amorrarazi nau hainbesteraino, non tira diodan kanilaren giltza.

Andre Joakina: Baina kanila itxiko zenuen?

Prantxiska: Ez, andrea, ez; berari segi joan naiz kaleak barrena. Harrapatu izan banu...

Andre Joakina: Eta, pitarra isurtzen utzi al duzu?

Prantxiska: Atera naizenean bai, andrea; baina orain etorri naizenean ez zen tanto bat bakarrik ere isurtzen.

Andre Joakina: Hori da freskura dakarzuna!

Prantxiska: Ez, andrea, dena izerditua nago.

Andre Joakina: Ai neure Jaungoiko maitea! Hau ere niri gertatu behar zitzaidan! (Haserretuaz). Egin iezadazu mesede nire begien aurretik gordetzeaz, emakumea, niri odolak irakinarazi gabe. Gauza bat zuzen ez didazu egiten.

Prantxiska: Hemendik aurrera egingo ditut ba.

Andre Joakina: Zer egin behar duzu zuk!... mendian ardi kontuan egon behar zenuen tonta bat zara-eta.

Prantxiska: Ez naiz ni tonta, etxekoandrea; ni naiz Prantxiska Aldaburu Pinuetakoa, eta herriko botikari jaunak ere, makina bat aldiz esana: «el Prantxiskatxo de Piñuetakos».

Andre Joakina: Zoaz, zoaz; eta armairuan dauden perretxiko horiek, jarri nagusia etortzerako.

Prantxiska: Eskaileretan jarriko al ditut, etxekoandrea?

Andre Joakina: Eskaileretan frijitu behar al dituzu?… begira; zaude geldi-geldirik sukaldean silla batean eserita.

Prantxiska: Zeinetan eseriko naiz?

Andre Joakina: Hori ere galdetu egin behar!… lehendabizi topatzen duzunean. (Joaten da Prantxiska).











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org