|
Ramon Illarramendi
Tomax Iñaxio eta Gregorio (hau aitonaren bizkarrean).
Tomax Iñaxio: Eup!... (Gregorio bizkarretik utziaz).
Andre Joakina: Oi aita, etorri al da?
Tomax Iñaxio: Bai, nire alaba Joakina, etorri naiz zuen festa eder horiek ikustera.
Andre Joakina: Bai aita; aurten gain-gainekoak ditugu. Baina horrela, abarkekin etorriko zen ba Donostia batera, aita?
Tomax Iñaxio: Kalean isilago ibiltzeko ustean etorri naiz ba abarkekin.
Andre Joakina: Beti baserritar; eta zer diote... denak ondo?
Tomax Iñaxio: Bai,... honenbestean kontentu; eta... zuek?
Andre Joakina: Ondo gu ere, aita, Benardo topatu al du bidean?
Tomax Iñaxio: Bai; eta esan dit etorriko dela berehala.
Andre Joakina: Bai etorriko da. Eta Gregoriotxo, ailegatu al zen trena orduko?
Tomax Iñaxio: Ez; baina azaldu da agudo xamar. Banuen honen premia!
Andre Joakina: Zer zen bada?
Gregoriotxo: Zera ama; korruan bilduak han zeuzkan hiru kaballero, eta beste bat; jefia izan behar zuen. Denak honekin barrez zeuden.
Tomax Iñaxio: Kefia?... nofia izango huen. Ez zuan behinik behin erraz fidatzen nirekin. «Billete», batek, eta «billete», besteak... ez dituk isildu niri amorrarazi artean.
Andre Joakina: Ez al zuen bada billeterik aita?
Tomax Iñaxio: Banuen baina... bidean hankalamakil bat etorri zait, eta ateratzen du patrikatik pistolaren gisako bat eta billetea kendu ez dit ba... eta hori aski ez dela, burla gehiago egiteagatik (eskuekin zeinu eginaz) krask!..... eta zapela adinako zuloa egin, eta han zoak. Nik makilarekin!... rast... leihora kolpea; eta jotzen dut makilarekin... zerean... zutikako poste batean, eta han gelditu naiz makilarik gabe. (jendeari) Horra gure atsoak andregaitan egin zidan erregaluaren paraderoa.
Andre Joakina: Baina beste gizon haiek, zer behar zioten?
Tomax Iñaxio: Horregatik nuen bada okasioa. Nola nahi zenuen Donostia batean kartoi zulatu hura eramatea? (Gregoriorengatik) Honek esan ez bazidan emateko... astinduko nizkion, bat edo bati txapeleko krabelin hori haiek.
Andre Joakina: E... utz beza orain gauza horiek alde batera, eta hamaiketako pixka bat egitea hobe izango du.
Tomax Iñaxio: Bai; ohitura galtzeko modurik ez dugu egin behar. Horixe aski nuke beste gaitzik gabe... hiltzeko.
Andre Joakina: Horixe da galgiroa daukana! Horrenbeste arranguratzen du, egun bateko hamaiketakoak?
Tomax Iñaxio: Begira ezazu, Joakina, promesa dut egina, eta ez nuke nahi inola ere huts egitea, zergatik badakizu, gauza horiek...
Andre Joakina: Bai, bai, promesek egikaritu egin behar dute.
Tomax Iñaxio: Horixe bera pentsatzen dut bada nik, eta horregatik askotan... prestatzen naiz bezperatik.
Andre Joakina: Prestatu? zertako?
Tomax Iñaxio: Esango dinat.
Andre Joakina: E?...
Tomax Iñaxio: Esango dizut, esan nahi ninan, neska.
Andre Joakina: Hau ez da gero mendi bazterreko etxe hura. Hemen zu hitz egiten diote aita guztiek beren umeari.
Tomax Iñaxio: Uste gabekoa zunan, neska. (Andre Joakinak begiratzen dio txit zorrotz) Gaztaiñ-Txulok nola ardoa urruti xamar daukan herritik, ez naiz ni fidatzen; gerta bailiteke, ba, egunen batean mandoa beheko erreka zulora erortzea, eta ardo guztia puntzuluan banatzea, eta gero... ardandegia batere ardorik gabe... eta ni nola ez bainaiz tontoa... zer egiten dut? Oraintxe ikusten dut zahagian ardo gutxi xamar dagoela, hurrengo eguneko kontuak atera eta... eztarrian kurrunketako bat eginaz, esaten diot.... Josepiñaxi... ekarzu beste erdi bat, eta nola aditzen ez duen gorra delako, ez dit entzuten esaten diodan artean... Josepiñaxi... ekarzu osoa.
Andre Joakina: Horixe da atsoa.
Tomax Iñaxio: (Kantatuaz.)
Betetzen basua
beti du besua
ematen prestua
gelditu arteraño
zagiya antzua.
|
Andre Joakina: Aita, bertsoetan ere dotore egiten du!
Tomax Iñaxio: Bai, ematen baitute ba bertso ondorean. Horrengatik bota dut hori.
Andre Joakina: Ai bai, ahaztu zitzaidan; baina honezkero laster hemen da gure Benardo, eta orduan egingo dute elkarrekin.
Tomax Iñaxio: Noiz etorriko den Jaungoikoak daki.
Andre Joakina: Norbaiten pausoak badira horratik.
|