16. Irudia


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Illarramendi Ramon »  Tomax Iñaxio Donostian »  16. Irudia

Ramon Illarramendi





Hamaseigarren Irudia




Prantxiska bakarrik





Ez nezake burutu inola ere etxekoandre honekin. Orain ere sukaldean sartu orduko, hasi zait betiko kantarekin. Nire ama ez zela ni bezalakoa, eta ez zuela nik bezalako txorakeriarik egiten. Ihesi egin diot hona; zer demontre! Txoroek ere behar dute bada mundu honetan, bestela txoroaren izena galduko litzateke, eta ni nola naizen Euskal Herriko alaba, asko penatuko nintzateke gure hizkuntza maiteari hitz bat bakarra galdu araztea (egoten da pixka bat). Orain ere egin dut ba nireetatik bat. Iturrian lehendabizi topatu dudan suila buruan hartu, eta etxera ekarri dut. Harrapatzen dudan guzia etxeratu, eta halaz guztiz ere Prantxiska txoroa. Ez dakit suila zeinena den oraindik, azalduko da nahi duena. Ez zitzaion gogoratzen atzo nik hautsi, eta konpontzera bidalia zela, eta nola ari baitzen isildu gabe... suila bat ur ekartzeko; eta ekartzeko... horra ba nik ekarri. Bai, Prantxiskari txoroa deitu baina... orain ere gizon-gai ederra badut nik behinik behin. (Hitza pixka bat isilduaz) Aldameneko panaderoa dut, eta... ez esan gero gure etxekoandreari; egunero esaten ari zait noiz ezkondu behar dugun adieraziaz, ez bainaiz ni atrebitzen etxekoandreari esatera, berak etorri eta esango diola. Baina horretarako nahi nuke, lehendabizi, amaren baimena, eta orduan esan diezaiola nahi badu etxekoandreari; bestela hasiko litzateke gure ezkontza urratu nahian eta... ez dut nahi horrelakorik gertatzea. Atzo ere esan zidan nire Bonipaxiok gure ezteiak pasako genituela herri handi eta ikusgarri batean. Izena ere esan zidan; ez naiz ondo-ondo gogoratzen orain baina... Gauza asko gehiago esan zizkidan, orain astuak eduki nik, astuak... Burros, burros izan behar du herriaren izena; zergatik lehenago ere aditu diot behin baino gehiagotan, anaia bat Burrosen daukala soldadu. Dena dela, guk behinik behin egun onak pasako ditugu; eta gero... etxekoandre.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org