|
Ramon Illarramendi
|
Hogeita Zazpigarren Irudia
|
Andre Joakina burruntzaliarekin eta Prantxiska. Tarteka tiratzen dio Bonipaxiok gonetatik Prantxiskari.
Andre Joakina: Zer da Benardo? ondo larritua zaude.
Bernardo: Bai, Joakina, bai!
Andre Joakina: Eta aita, non duzu?
Bernardo: Horretara etorri naiz hona, ea azaldu ote den.
Andre Joakina: Nola nahi zenuen hura bakarrik etortzea?
Bernardo: Bakarrik... etorri... joan da ba bakarrik.
Andre Joakina: Zer egin behar dugu orain?
Bonipaxio: Joan bilatzera denak, alde egin dezadan nik.
Andre Joakina: Baina nola galdu zaizu bada?
Bernardo: Nola galduko zen... esango dizut. Etxetik hanka atera dugunerako, hasi zait erosi behar lituzkeela zorroztarri bat, igitai bat, soka... eta ez dakit zer gehiago. Esaten nion, «baina gizona, bihar goizean erosiko ditugu trenaren ordua baino lehenago; ez zaitezela estutu... Horrela joan nahi al zenuke ba tresna horiek erostera? barre egingo lizukete.» Baina hark aditu? bai zera! Ikusten zituen barkillero guztiei, galdezka ote zekiten non saltzen ziren. Baina haiek, nola euskaraz ez zekiten, barre murritz egiten zioten; eta... orduan jartzen zen goxoa, hari burlaka ari zirela eta jo egin behar zituela. Nolazpait ere egin dut modua «Bille barrera» musika pixka bat aditzera eramateko. Uste nuen han egongo zela bakean, eta bai al dakizu zer egin didan?
A. J. eta P.: Zer?
Bernardo: Patxada ederrean txapela erantzi eta pipai errekinez betetzen hasi zait. Ni orduan dena lotsatua, jende guztia inguratu zaigu eta ez nintzen ni atrebitzen ezer esatera. Ezer esan banio, hasiko zitzaidan erretolikaren bat ateratzen, eta zer egin dut? bera zegoen tokitik pixka bat apartatu.
Andre Joakina: Eta gizona paraje hartan bakarrik utzi!
Bernardo: Keinu egiten nion nik begiekin eta ahal nuen guztiarekin, eta halako batean hala dio, «bulebar» guztiak aditzen duela: Ez dago presarik, gizona, oraindik «Kaixo motell» jo behar omen dute-eta, ikusi behar dugu zer den hori ere.
Andre Joakina: Kaixo motel?
Bernardo: Bai, «Guillermo - tell», esan nahi zuen, jende guztia algaraz hasi zaio, okerragoa zen denak niri begira! Orduan, bai edozer gauza egingo nuela. Nire begiek inor ere ez zuten ikusten, bakarra ikusten zuten lanbro bat... Eskerrak eskribautegiko lagun bat etorri zaidala, eta jolas bidea eman didala, bestela... uste dut bertan erori nintzela. Orduan nire lotsa txurriskatu dut pixka bat! Gero nire lagun hori joan zaidanean, erreparatu dut eta... ez zen aitaren arrastorik inon. Eta egia esaten dizut, Joakina, alde batera, poztu egin naiz aita falta ikusi dudanean.
Andre Joakina: Ez naiz ni asko pozten!... Jaungoikoak daki orain non den.
Bernardo: Ez da galduko ez, txantxangorria baino lotsagabeago da-eta. Beldur bat dut!
Andre Joakina: Zer?
Bernardo: Probestu gizatxarren batek hartu, eta berekin eraman ote duen. Baina joango naiz ni salto batean, eta galdetuko dut han ote daukaten. Eta Prantxiska doala kai aldera, ea modu honetan topatzen dugun.
Andre Joakina: Zoazte bai eta... zu, Prantxiska, zuk galde ezazu ikusten duzun guztiari.
Bernardo: Ni sukaldeko ate honetatik irtengo naiz lehenbailehen ailegatu nadin (joaten da).
Andre Joakina: Tira, Prantxiska, azkar, azkar.
Prantxiska: Banoa, andrea.
|