|
Ramon Illarramendi
|
Hogeita Hamabigarren Irudia
|
Lehengoak eta Gregoriotxo
Prantxiska: Gizajoa lezioa ikasten ari zen.
Tomax Iñaxio: Tira hamar zentimokoa. Gregoriotxo: dantzatuko zara, e?…
Gregoriotxo: (Hartzen dio) Bai, jauna.
Tomax Iñaxio: O hau gauza sentitzen dut bihotzean! Gogoratzen zait gaztea nintzela nola biltzen ziren nire soinuaren ingurura jaiegunetan, inguruetako neskatxa eta galai gazte guztiak. Haiek soinu politak jotzen nituen! Makina batek esaten zidan ez zela munduan besterik, nik nire dultzainarekin bezala bihotz gaixoak pozten zuenik. Ez dakit zer nabaritzen dudan nire barren honetan hau eskuetan aurkitzen dudanean! Mundu guztiari on egiteko gogoa etortzen zait. Uste dut etorriko balitz niregana norbait bere miseriaren kondaira esanaz, emango niokeela nirea den guztia, Benardo nire suhiari ere emango nizkioke hamalau pezetak baina... gure atsoaren kokotseko «brih»... jartzen diren ile zuri haiek... ez naiz ari... Jo dezadan bada. Gregoriotxo, prestatu, e?...
Gregoriotxo: Lotsatu egiten naiz bakarrik, aitona.
Andre Joakina: Tira Prantxiska, zu ere zaletua egongo zara bai; eta ea nola moldatzen zareten biok.
Prantxiska: Bai, andrea, bai.
Bonipaxio: Bai?... baita ni ere. (Tomax Iñaxio hasten da jotzen edozein arin-arin)
Andre Joakina: Horren ederki... Begira iezaiozu, Benardo, gure aitaren intentzioari.
Bernardo: Begira iezaiozu, Joakina, gure mahaiaren saltoari.
Andre Joakina: Hori?... hori?... Nola liteke hau; mahaia dantzan...
Bernardo: Badugu hemen zerbait sorginkeria, ikus dezagun. (Kentzen du estalpea) Zein da hemen? (isiltzen da soinua).
Prantxiska: O!... galdu gara! horra tonto horrek zer egin duen.
Bernardo: Zein da hemen? Galdetzen dut.
Bonipaxio: On Nikolaseneko panaderoa!
Bernardo: Berehala atera azpi horretatik (ateratzen da).
Andre Joakina: Hori ere ikusi behar genuen? Ez dago zer esanik. Zertara etorri zara hona?
Bonipaxio: Esango diet ba egia. Ni etorri naiz hona suilaren bila; eta...
Andre Joakina: Zure suilik ez dugu hona ekarri guk.
Bonipaxio: Bai, andrea; Prantxiskak berea zelakoan, iturritik ekarri du.
Andre Joakina: Zuk ekarri al duzu?
Prantxiska: Ez zen isiltzen suila bat ur ekartzeko, eta ekartzeko, eta gurea nola baitzen konpontzera eramana, lehendabizi jaberik gabe... topatu dudana ekarri dut. Baina, ez da horretara bakarrik etorri, andrea.
Andre Joakina: Esan dezala ba.....
Prantxiska: Esango nioke... nirekin ezkondu nahi duela esatera etorri dela, baina ez diot esango; berak esan diezaiola.
Andre Joakina: Ez duzu bada zeronek esan?
Prantxiska: Bai, baina hori txantxetan zen, ez du balio horrek... Esatera noa, Boni... Hara bada zinetan, nirekin ezkondu nahi lukeela esatera etorri da, suilaren aitzakian.
Andre Joakina: Biok ezkondu.
Bonipaxio: (Aurreratuaz) Bai, andrea, biok eta…
Andre Joakina: Aski, aski… ederki, ederki egingo duzue, asko eta asko pozten naiz, eta bihar joango zara zeure amarengana adieraztera bai… eta zure nagusi-etxekoandreek ere zerbait lagunduko dizute, ikusirik zure amaren dohakabetasuna, eta nire lagun handia delako.
Prantxiska: Eskerrik asko, etxekoandrea; eta denboraz hemen izango du nire ama, gazte denborako kontuak kontatzeko. Asko estimatzen dut berorren saria, bakarra eskatzen diot hemengo jendeari txalotxo bat, Tomax Iñaxioren izena onratu dezazuen.
JAISTEN DA BURTINA
|