 |
|
 |
 |
|
Fermin Imaz
Bertso Guziak
Biltzallea: Antonio Zavala
Auspoa Liburutegia 24
1962
Liburu osoa PDFn
|
|
Fermin Imaz Echeverria
|
Donostian jayo zan, 1879-ngo Ilbeltzaren 27-an, arratsaldeko bostetan, San Martin kalean, 38 zenbakian, beko bizitzan.
Gurasoak zituan: Jose Franzisko, Alegikoa, ta Maria Felipa, Tolosarra.
Aitaren aldeko aiton-amonak: Andres, Ataundarra, ta Juana Sánchez, Alegikoa. Amaren aldekoak: Migel Tomas, Amezketarra, ta Martina Ezquiaga, Alza-koa.
Santa Marian batayatu zuten biaramonean, ta Juan Fermin jarri zioten izena. Bañan bere denbora guzian etzuan Fermin besterik erabilli.
Aitapontekoa ere Fermin zuan, Fermin Echeverria, Naparroako Arano-koa. Amapontekoa ere, naparra: Matilde Larregui, Aoiz-koa (1).
Santa Mariko paperetan arreba bat bakarrik agertzen zayo: Bizenta; anayarik bat ere ez.
Gizon lodi xamarra omen zan, zabala, sendoa ta arpegi ederrekoa.
Eriotzaren paper-ageriak argiña zala dio, bañan ezagutu zutenak mariñel ibiltzen zala esaten dute: arrantzale itxasoan; eta bolara etzanean, ikatzaren eta olakoen “karga-deskargan” Donostiko kayan.
Taberna ere izan omen zuan.
Bertsoak paperean jarri ta erriz erri saltzen maiz ibiltzen omen zan. Bertsoak jartzeko yayoa omen zan oso, doai berezia omen zuan ortan. Ori da danak ao batez esan digutena ta irakurleak liburu ontatik juzgatu bear duana.
Kantatzeko berriz eztarri aparta omen zuan, oso ederra boza. Lasai ta patxaraz kantatzen omen zuan, itzak garbi ta poliki boteaz. Napar jotak ere berdin kantatzen omen zituan. Orren eztarri bizkorra zuan. Itz batean esateko, bertso kantatzeko gutxi ikusi diran bezelakoa.
Aotik aora ere botatzen omen zituan, sagardotegian batez ere. Erariakin piska bat berotutakoan, orduan-ta obeto aritzen zan. Txirritak, berriz, aldrebesko zera omen zuan: erandakoan motteldu egiten zan. bertsotarako. Askotan jarduten omen zan, besterik ezin ta ukalondoak mayean jarri, bi eskuakin burua artu ta ixildu gabe bertsoa bota ta bota.
Esan bearrik ez, sagardotegian eta parrandan gustatzen zitzayona zala.
Juana Otegui-rekin ezkondu zan, bañan etzuten familiarik izan.
Il zanean etxea zuan “Calle de la Salud” deritzayonean, Amara-ko estazioaren atzean, bigarren zenbakian, irugarren bizitzan.
Erriko hospitalean il zan, “neumoniaz”, 1929-ngo Ilbeltzaren 8-an, 50 urte osatu gabe (2).
|
(1) Ikusi Santa Mariko ta Juzgadoko paperak.
(2) Argibide auek eman dizkigutenak: Antonino Pagola, Ernani, Pello Zabaleta ta Juan Maria Lujambio, Errenterikoak, ta Donostiko kayeko Inazio Carril, Inazio Aizpuru, Martin Zabaleta ta beste zenbait gizon zar.
|
|
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |