 |
|
 |
 |
|
Fermin Imaz
1
Ezin egon naiz ezer
egin gabetandik,
bertso bi paratzia
goguak eman dit,
Jaungoiko zerukuak
lagundutzen badit,
nik aren esperantza
dadukat oraindik.
|
2
Cuba-kua pasa ta
Melilla-n urrena,
iñork ezagutu dun
gerrik okerrena,
makiñatxo bat negar
gutzat dakarrena,
ezta lasai egongo
zenbaiten barrena.
|
3
Amak azi dituzten
semetxo ederrak,
erdiyak galdu ditu
Melilla-ko gerrak,
Jaungoikoari eskatzen
dizkiyot eskerrak,
zuzendu al balitza
pasa’iran okerrak.
|
4
Nola ez gera egongo
gu tristuran denak,
pake gozo batian
biar gendukenak?
guraso asko dira
negarrez daudenak,
semiak gerran ilda
galdutako penak.
|
5
Makiña bat badira
emendikan joanak,
ez gizajoak beren gustoz,
bestek eramanak,
penatzeko ainbat badute
aitak eta amak,
zergatik diran neketan
azitzen diranak.
|
6
Txarra dala diyote
ango terrajia,
kristauak ondatzeko
ai zer parajia,
zenbatek ote dauka
biziya lajia?
aruntz juateko zeñek
dauka korajia?
|
7
Eztakit gerra ori
nola dan asiya,
guretzat beintzat bada
naiko desgraziya,
au da munduko alkar
ezin-ikusiya,
amaika amaren semek
utzi du biziya.
|
8
Pasadizo guziyak
jarri ezkero nik,
bat ezta negarrikan
egingo ez lukenik,
egon izandu gera
alkarri esanik,
gerrak eztakarrela
beñere gauz onik.
|
9
Pakian nai genduke
danok utzitzia,
ez al da bestela’re
naiko sufritzia?
eztu asko baliyo
semiak azitzia,
ezta posible onla
ondo bizitzia.
|
10
Zer kulpa degu orla
biziya kentzeko?
semiak azi eta
denak bestentzako,
ariyek biar dira
berriz laguntzeko,
ori da alibiyua
gurasuentzako.
|
11
Moro oyek eztakit
zer pentsatzen duten,
kostako zaye gerr’au
españolai jaten,
danok asiko gera
autsi edo eten,
ikaratzen geranik
esan eztezaten.
|
12
Burla gutxi egingo
digute moruak,
oyek bezela gu’re
gera gerreruak,
ematen dizkigute
naiko endreruak,
animik eztaukaten
gaizto borreruak.
|
13
Luziak izan arren
oyek atzaparrak,
probatuko ditugu
badira azkarrak,
zer dirala uste dute
español kaiskarrak?
ango lau bentzutze’itu
emengo bakarrak.
|
14
Kasta ori probatu
duenak deritza
juiziyuan sartutzen
dala oso gaitza,
eztitezela gero
geyegiyan mintza,
asentatuko dira
arro badabiltza.
|
15
Izugarriyak dira
oyen diadarrak,
eztitu ikaratzen
suak eta garrak,
guraso askori eman
dizkaten negarrak,
ajolikan gabeko
animali zarrak.
|
16
Ez dira arrazoyak
txorakerizkuak,
ezpadegu penik artzen
gera arrizkuak,
Fermiñek jarri ditu
bertso egizkuak,
pasa’iralako gauzak
negargarrizkuak.
|
IKUSI:
Bertso-papera: “Reimpreso. – Imp. de Pozo”. (Jose Antonio Berrondo. Erdiko-etxe, Errenteri).
“Bertsolariya”, n.º 9, 1931’ko Azaroaren 15’an: 5, 9 ta 12’garren bertsoa falta ditu. 2/1: Milla beatziegun da - bederatzigarrena nere goguan dedan - urterik txarrena; 6/5: pakia nai dunantzat - modu itxusiya.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |