Ontan ere, garaiz abixatu zuan Orcolaga jaunak galerna bazetorrela. Gipuzkoako mariñelak fede aundia zioten ta, geyenak beintzat itxasora gabe gelditu ziran. Orregatik, gizon gutxi galdu zan Gipuzkoan.
Bizkayan, ordea, beste konturik gertatu zan. Egun artan bertan, goizean, Bermeo-ko txalupa guziak itxasora irten ziran: iru egun barru San Roke zala ta festetara etorriko zirala esanaz. Santa Klara eguna zalako, arrantzale asko zegoan Ondarroa-n; bestela, izugarrizko gizon-galera gertatuko zan emen ere. Gañerako kosta-errietatik ere, gizon asko zan itxasoan.
Abuztuaren 12-garren egun ori ere oso egualdi ozkarbi ederra egin zuan. Astelena zan. Bañan illunabarrean, bat-batetan iñoiz ikusi dan galernarik amorratuena sortu zan. Donostiko Zurriola-ko arkaitzetan olatuak jo, lertu ta ogei bat metro saltatzen ziran.
Mariñelak legorretik 50 ta 60 bat milla urruti zeuden galernak arrapatu zituanean.
Jo zuten legorreruntz, bañan bidean asko ta asko galdu ziran.
Galerna ontako bertsoak mariñel bat aitatzen dute, ta orregatik ez det aren pasadizoa besterik orain emen kontatuko:
Ostegun-goizean, “Mamelena - 12” zeritzayon baporea, Donostian sartu zan: atzetik egurrezko gurutze bat ta barrenean gurutze orri elduta arkitutako arrantzale bat zekarzkiela.
Marinel ori Juan DanieI Escurza zeritzan, ta “San Nicolás” txaluparen patroya zan, Lekeitio-koa, 39 urtekoa ta iru seme ta bi alabaren gurasoa.
Zortzi lagun ziran txaIupan. Galerna sortu ta aizeak tantaya puskatu zien. Orduan, arekin ta beste egur batekin, gurutzea egin zuten, bi egurrak alkarri gogor-gogor lotuta.
Gaberdian itxasoak txalupa irauli ta ipurdiz gora jarri zuan. Zortzi lagunak azaldu ziran ur-gañera, ta gurutzeari eldu zioten.
Andik piska batera, aizeak ta olatuak ostera txalupa zutik jarri zuten. Ori ikusi ta ayetako lau txaluparuntz igeri asi ziran. Bañan ariñegi zeraman aizeak txalupa, ta, ura ezin arrapaturik, jo zuten atzera, gurutzeari berriz ere eldu nayean. Berandu ordea. Urrutitxo zeuden. Ta orrela galdu ziran lau gizon oyek.
Urrena, tantayaren sokak beste lagun bat trabatu ta galdu zan au ere.
Beraz, zortziretatik iru bakarrik gelditu ziran: Juan Daniel ori, Felix Laca, emeretzi urtekoa, ta Fidel Bengoechea, ogei urtekoa.
|
Denbora bazijoan, ta Felix ta Fidel argaltzen zijoazen. Juan Danielek onela esaten zien:
Eutsi, motellek, eutsi!... Azalduko dek baporen bat!... Azalduko dek baporen bat!
Amabi ordu pasa zituzten onela. Astearte-eguerdia zan. Errezatu zuten, baita ere alkarri barkazioa eskatu... Alkarri betiko agur egin zioten, bere buruaz etsita. Ez ordea Juan Daniel. Onek esaten zien:
Eutsi, motellek, eutsi!... Azalduko dek baporen bat!...
Bañan Felix Laca-k, ezin zion geyago eutsi. Utzi ta ondora joan zan.
Andik bi ordura, Fidel Bengoechea-k ere egurrari utzi zion, indarraren faltaz.
An gelditu zan Juan Daniel, bakar-bakarrik, itxasoaren erdian, gurutzeari elduta. Indarrik bazuan oraindik ere, bañan egarriak ta logaleak oso penatzen zuten.
Orduan bere txamarraz aoa estali zuan, itxasoko ur gazia ez irinxteagatik. Ta tantayaren polea bat kokotzaren azpian jarri zuan. Logaleak menderatzen zuanean, polea ori jo ta miñak esnatzen zuan.
Asteartea illundu zan, gau beltz luzea igaro ere bai, ta noizbait bear ta zabaldu zan urrengo eguna, asteazkena.
Egun ontan zenbait bapore ikusi zituan. Galdutako mariñalen billa atereak ziran. Oju ta deadar egin zien egiñalean, bañan beti alperrik. Baporeak alderatu ta iges egiten zioten gizajoari, ikusi gabe.
Eldu zan berriz ere gau beltza. Igaro zan ura ere noizbait.
Ostegun-goizean bazebillen “Mamelena” bapore ori zeñi laguntza emango zion. Alako batean, marinel bati nonbaitetik oju egiten zutela iduritu zitzayon. Erne jarri, ta iduritu bezela izan ere.
An ikusi zuten gizon bat itxasoan, gurutze bati eldurik, deadarka, ta eskuakin ta buruakin siñuak egiten zituala. Txalupa bat urtara jetxi ta jaso zuten.
Eriotzarekin 56 orduan burruka gogorrean aritua zan itxasoaren mendean.
Donostiko mariñel jende guzia oso arritu zan Juan Danielen sendotasunaz ta gurutzea ain gogor ta ederki lotuaz.
Ori izan zan 1912-garrengo Abuztuaren galerna, seguru asko euskal mariñelak iñoiz izan duten egunik beltzena. 160 gizon galdu ziran beintzat.
Fermin Imaz ta Txirrita, bertsoak jarri ta erriz-erri ibilli ziran kantari, alegia Euskalerri guziko negarra beren aoz kantatzen.
|