Donostia Erre Zuteneko Eun Urteko Muga


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Imaz Fermin »  Donostia Erre Zuteneko Eun Urteko Muga

Fermin Imaz

Donostia Erre Zuteneko Eun Urteko Muga

1913

1913-garren urtean Donostia inglesak erre zuteneko eun urteko muga osatu zan, ta aren oroipengarri festak egin ziran.

Alderdi Eder-en oroigarri bat altxatu zuten, ta aren bedeinkazioa Agorrillaren aurreneko egunean izandu zan, erriko agintariak ez-ezik, erregea bera ere an zala.

Gaur egunean, Donostiar zarrak piska bat begitan artuta dauzkate Donostiar gazteak, auek “arrats izugarri” artaz duten jakiñ-ez ta ajolakabetasunagatik. Egia da oroipen guziak auldu ta itzaldu egiten dituala denborak, bañan aitortu bear ere da arrats artako oroipena izugarri auldu ta itzaldu dala azkeneko urte auetan.

Lengo Donosti zarrean, arrats aren urte-muga allegatzean, gaua eldu bezin laister eliz ta komentu guzietan ill-ezkillak jotzen asten ziran. Familia guziak bildu ta errosarioa errezatzen zuten gau artan ildako animengatik. Bukatu ta zarrena kontari asten zan:

Erria pozik atera zala inglesai ongi-etorria ematen, bañan ustez lagun ziranak etsayak baño askoz okerragoak gertatu zirala; al zutena ostutzen ta kristau guziak iltzen aritu zirala gau guzian;
txakurrari ere opa bear etzaizkanak egin zizkatela Donostiarrai, zer esanik ez emakumeai; su eman ziotela erri guziari; etxetik kanpora sutatik igesi atera nai zutenak ere atzera etxe-barrenera botatzen zituztela bayonetakin; batzuk ur zikiñen bidetik igesi joan bear izan zutela salbatuko baziran; eguna argitu arte etzietela utzi erritik irteten, ta orduan bizi ziran pizarrak erdi jantzirik-eta iges joan zirala bakoitzak al zuan tokira; erriak 600 etxe bazituan ere, 36 bakarrik gelditu zirala zutik, alegia Gazteluaren bean zeudenak: Gazteluan oraindik frantzesak zeudelako; oraindik ere erria sutan zegoala Zubieta-ko Aizpurua-n batzarra egin zala, iñondik ere al bazan erria atzera lengo oñean jarri bear zala erabakiaz.

Festa oyek zirala-ta itz-neurtu sariketa bat izan zan. Tolosako E. Arrese-k eraman zuan lenengo saria (250 pezeta) “Gora biotza” deritzayonarekin. B. Iraola-k “Donostia” zeritzayona aurkeztatu zuan. R. Inzagaray-k “Amaren obiyan”, ta J. Elizondo-k “Donosti kiskalian”, Iru oyek 80-na pezeta izan zuten.

Fermin Imaz-ek ere jarri zituan bertsoak, bañan etzituan sariketa ortara bialduko. Bañan paperetan zabaldu ta erriak kantatuko zituan; alegia, beste oyek izan etzuten saria izan zuan.


















     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org