Bertso Berriyak 1914


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Imaz Fermin »  Bertso Berriyak 1914

Fermin Imaz

Bertso Berriyak



Danok dakiguna, 1914 urtean Europa guzia gerran asi zan. Ta Fermin Imaz-ek bertso auek jarri zizkan gerra negargarri ari.

Bertso Berriyak
Fermin Imaz-ek Jarriyak

1914-1918

1
Desiatua negon asteko
bertso batzuak jarritzen,
nai-ta’re ixilik egoterikan
barrenak etzun agintzen,
len biyotz bero dunai odolak
aguro zaizka mugitzen,
mundu guziyan gerra-kontua
besterik ezta aditzen,
zenbat aur gaixo aitarik gabe
ote dirade gelditzen.
2
Aur koitaruak ez bakarrikan,
gañera ainbeste ama,
pauso bakoitzan gogoratuaz
beren senarrarengana,
laguntza nai ta laguntzarik ez,
gaxuak daukaten lana,
sinistatzen det gauz ori oso
tristia izango dana,
oitzaz erruki liteke bate
sentimenturik duana.


3
Negarrez eta desditxan dabil
Europako partia,
ondo goguan izango dana
ori asi zan urtia,
Ondarra baña ugariyago
bada jendia botia,
berak zanpatzen duten lurra’re
illez odolez betia,
jakin nai nuke nola izan dan
askoren errematia.
4
Gerr’au pasatzen dala diyote
lengo guziyen markatik,
zarragokuak esaten dute,
akordatzen naiz artatik,
zer penosua izan biar dun
beira egoteko bertatik,
al balitz libre nai genduke guk
orlako negar tartetik,
Jaun Zerukua, gorde gaitzazu
zuriak geran partetik.


5
Europako gerra gaiztua
sortua zori gaitzian,
akabatuko dala uste det
gizon geyenak aitzian,
biyotz guziya erdibitzen zait
ori pentsatzen jartzian,
inozentiak aurrera bota,
kulpa dutenak atzian,
goiko Juezak astinduko’itu
bere eskutik artzian.
6
Amar milloitik pasa omen dira
prisionero, il da eritu,
orrenbesteko pikardirikan
sekulan eztet aditu,
oyen izenak libru batian
ezin litezke kabitu,
naziyo oyei gertako zaye
jenderik gabe gelditu,
obia zuten beren tokitik
ezpaziraden mugitu.


7
Nola itxasoko ta legorreko
aideko elementuak,
ojala danak berriz ostera
baldin baleude kenduak,
mundu guziya ikaratzen du
gaur dagon armamentuak,
a or zertaraño ekarri gaitun
gizonaren talentuak,
batek bestia iltzeko dira
oraingo adelantuak.
8
Gizonak zenbat diraden ondo
gaizki zeudenak jarriyak,
ta ondo ziranak txit ondatuak
eriyotzaren larriyak,
nai eta nai ez izandu dira
naigabe izugarriyak,
su eman da erre edo puskatu
elizak eta erriyak,
ta orain gizonak falta, egingo
baldin badira berriyak.


9
Odol ixurtze izugarriyak
gerr’orrek ditu ekarri,
egunetikan ogei gutxinez
geratuko’ira elbarri,
naziyo oyek zer pikardiyak
egin dizkaten alkarri,
makiñatxo bat familiyetan
negarrak dirade jarri,
mundu ontara zertako jayo
bizitzekoz penagarri?
10
Alkarren kontra gogor dabiltza
amairu amalau naziyo,
pakia eitian lengo tamaña
ostera berriz noiz iyo?
ba’ira gizonak eztaukatenak
umiak ainbat juiziyo,
bildurrak nago Españiya’re
sartuko ote dan soziyo,
ez, kortian dauden gizon batzuiri
laguntzen baldin bazayo.


11
Jaungoikuaren ondorengua
Aita Santua izanik,
errege oyek eztute egin nai
batere bere esanik,
zein da ori ainbat pakia egiten
sayatutzen dan gizonik?
nik eztet uste arrazoi ontan
deskuiratutzen naizenik,
baldin gauz ori logratze’ezpada
eztatorkigu gauz onik.
12
Kristaua iltzeko elementuak
obe ziraden galazi,
etzan pasako orain pasatzen
ai dan ainbeste desgrazi,
guraso onak seme ederrak
eztitu alperrik azi,
geren bururik eztezagula
tamañ orretan ikusi,
gerr’onenian baño obia da
pake txarrenian bizi.


13
Lanetik biar duen guziak
iñun eztagola diyo,
jateko gauzak preziyuetan
egin zaizkigu gora iyo,
pobre gaxuak sufritzen gaude
gerr’ori dala meriyo,
orrengatikan ezin duenai
beti negarra dariyo,
gure munduko bizimoduak
eztu askorik baliyo.
14
Parte gaiztuak dabiltz itxasoz,
legorrez eta aidian,
oyengatik e gizonak zenbat
inozentiak il dian,
oraindikan e apenas dauden
gelditutzeko idian;
naigabe ori eztedillela
al bada sartu gurian,
Jaun Zerukua, jarri gaitzazu
pake santura bidian.


15
Jakin dedanez jendia bada
martirizatuta illa,
indar aundiya duenak aixa
menderatzen du debilla,
artan dabillen asesinua
ezta biotzez umilla,
orlako gerrik eztegu biar
guazen pakiaren billa,
Fermiñek ala desiatzen du
lenbailen egin dedilla.


IKUSI:
Bertso-papera, moldiztegiaren izen gabekoa. (Alzalegi baserria, Berriatua): 4/9: gorde gaguizus. (Gorde gaitzazu jarri degu, beste ori Bizkaira pasatzean erantsitako aldaketa izango dalakoan; Fermiñek ez bait-zuan gagizuz jarriko.)

Bertso-papera: “Imprenta “La Económica”, Arroca, B, bajo, (Amara)”. (Joakin Gamborenea Zabala, Errenteri): 1/5: len biyotz bera; 4/8: lagun zaiguzu; 6/1: Zazpi milloitik pasiak dira; 8/1: Auskalo zenbat diraden ondo; 12/1: Urte ta erdi izango dira - gerra ori egin zala asi; 12/3: ta arrezkero pasatu da or - konta eziñ ala desgrazi; 12/8: modu orretan; 12/9: arrazoyian gelditzen danak - aterako da nagusi; ta 15’garren bertsoa falta da.

Bertso-papera: “Imp. de C. Salón”. (Jose Antonio Berrondo, Erdiko-etxe, Errenteri): 4/9: lagun zaiguzu; 6/1: Milloika dira or ondatuak; 6/4: beñere; 6/5: orain artian bezela aurrera - biar badute segitu; 7/9: kulpik gabiak iltzeko dira; 8/1: Izango dira gaizki zeudenak - bizimoduan jarriyak ondo...; 8/5: señale da or pasa dirala; 9/5: naziyo oyek pikardi asko - egin dizkate alkarri; 9/7: zeñek asmatu zenbat fameli - tristezan diraden jarri; 9/9: ondo izateko etzaizkate - egun lasayak etorri; 10/2: amalauren bat naziyo; 10/5: ba’ira kristauak; 12/1: Zori gaiztoko elementuak - egin balira galazi; 12/3: etzan pasako, bi urte ontan - pasa dan ainbat desgrazi; 12/5: guraso onak bere semiak; 12/7: pikaro gaizto batzuengatik - inozentiak illazi; 12/9: ez alakuak eun bizitik - grano bat eztu merezi; 14/3: oyengatikan auskalo zenbat; 14/9: Jaun Zerukuak jarri gaitzala; 15/1: Jakin dedanez asko omen da; 15/3: indar gogorra; 15/5: artan dabillen etsai gaiztuak.

Ageri danez, iru argitaraldi izan zituzten gutxienez bertso auek, Europa sutan zegoan bitartean. Nere iritzian, azken jarri degun ori izango da iru auetan lenengoa, urrena bigarrengo tokian dagoena, ta bestea azkenik atera zana. Irurak ere Fermiñek berak argitaraziko zituan, batetik bestera aldaketak erantsiaz. Orregatik, azkeneko argitaraldiari artu diogu, Fermiñek azken pasada eman ziona ori izango dalakoan.











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org