Lore igartua


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Iraola Biktoriano »  Au poza senti det eta beste bertso asko »  Lore igartua

Biktoriano Iraola



Lore igartua



(Irungo Euskal-Festetan D’Abbadie jaunak 80 pezetakin eta Laborde-Noguez jaunak makillarekin saritutako moldaera.)



Baratz berdeko lirain polita,
usai gozozko loria,
atzo zenbaiten deseoa ta
gaur igartuta lajia;
urruñtasunak zauzkan ezkero
orla galdutzaz botia,
zure merio sentitutzen det
biotza penaz betia.
Txori txiki bat beziñ alegre
etorri ziñan mundura,
txortentxo medar berde batetik
jostallu baten modura.
Zure orduko preskotasuna!
Zure orduko itxura!
Gogoratzean beti sartzen zait
tristetasun bat petxura.


Galaz jantzita guztiz suabe
mugitzen ziñan aizetan,
dama gazte bat beziñ airosa
udaberriko goizetan;
uriztatua (1) doai aundiaz
egun sentiko intzetan,
baña gaur penaz jartzen naiz zutzaz
oroitzen naizen denetan.
Lore polita ziñan denboran
zenbait gustora begira,
zure kolore piñak ikusten
gelditu izandu dira:
dizdiz egiñaz perlaren gisa
eguzkiaren argira,
baña lengoko zure dizdizak
ezer gelditu ez dira.


Betiko galdu zaizkizu lengo
edertasunen indarrak,
gabaz ez dizu argi egiten
illargi eta izarrak;
ez dizkizu nai intzak gozatu
goizetan osto igarrak,
denak jiraka or darabiltzki
lurrean aize iparrak.
Penaz biraltzen diran bezela
sentimentuak aizera,
zu berriz beti usai gozoak
emanaz bizitu zera;
zure doaiaz orla gozatzen
aditu ere bazera,
eskergabeak oinperatua
azkenerako iltzera.


(Euskal-Erria. 1881 .)



(1) Salpicada. (Egillearen oarra.)









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org