|
Biktoriano Iraola
Txurruka Trafalgar-en
Zorigaiztozko egun batean
Kadiztik ziran atera
ontzi sendoak geldi geldiro
itsas urdiñ zabalera;
aize terralak belak zuriak
bultzaka ipar aldera,
ala joan ziran beldur gabeak,
ala etsaien bidera!
|
Odoi gabeko zeru urdiña
inguru alai garbiak,
sarri ziraden itsas altuan
aurrez ontzi gidariak;
koraje aundiz alkar galtzera
amorratuak guziak,
itsaspe artan ondatutzeko
gudari eta ontziak.
|
Zeruba eta itsas zabala
estali ziraden ketan,
zer gertatu zan, Jesus laztana?
Zer zan urruti aietan?...
Sutunpak gogor danbetakoka,
ontzi aundi bat garretan,
bestea berriz karraskotsaka
urperatutzen pusketan.
|
Aize txistuak, tximist dardarak,
soñu aundiko turmoiak,
asarretuta oso bezturik
egin nayian ler goiak;
milla pusketan erori arren
zeru azpitik odoiak,
zorrotz gudatzen ziran alare
gure ureko legoiak.
|
Kupida bage urratu bear
olatu eta aiziak,
gureak eta gurekin ziran
prantzes lagunen ontziak;
palo pusketan bela zatiak,
kaskoak zuloz josiak...
Orla zebiltzan etsaiak ere,
orla ingeles guziak!
|
Etsaien buru Nelson zutela,
beldurgarrizko sarrera
egiñik, joan zan indar askoren
arrokeriaz aurrera;
baña ontzi bat, Txurruka buru!,
irten da bere bidera,
etsai arroa estu jira zan
lengo bidean ostera.
|
Sutori (1) baten modu berean
ikusten ziraden sarri,
ontzi guziak alkar puskatzen
zeren gogor ziran ari;
sutunpak sutzen lertu bearrez
balak tiriaz alkarri,
denak nai zuten erriko onra,
denak txit altuan jarri!
|
O, zer korajez gudatzen ziran,
zer zorrotz eta gogotik,
erasoaz ta ezkudatuaz
indartsu biotz guzitik!
Sua ta kea zurrunbulluan
goratu arren uretik,
etsaien billa itsas barrena
salta nai zuten ontzitik.
|
Gero... a!, gero ezkutatuak
ke lodi baten azpian,
ziruritela purrukatu ta,
a!, ondatuak urpian;
baña berriro odoi azpitik
azaldu eta batian,
zer erasoak, zer burruketak,
erortzen ziran artian!
|
Sei ontzi etsai lodien kontra
indartsu gudatutzen zan
bakarra San Juan Nepomuceno,
laja zuena zer esan!
Baña geiago izanda ere
nola gudatuko etzan,
ontzi artako legoi pizkorren
gidari Txurruka bazan?
|
Ezkerrerontztik alde eskuira
laister jira ta atzian,
denak Txurruka, gizon azkar au,
denak zatitu nayian!
Zauritu zuten! Baña sarturik
barrika iriñ batian,
zion: “Au ez da ezer ta segi
sutzen mentzutu artian”.
|
Zertan gudatzen ziran aiñ estu,
zertan alako larria,
denak batean ala sutzeko
ontzi bakar gudaria?
Indar aundiak batera bildu
irabazteko gloria...
Zer gudariak! Ezin mentzutu,
seiak!, Txurruken ontzia.
|
Ordu askoan ikusirikan
ezin gaindurik(2) atera,
sutunpen abo guziak jarri
zizkaten leku batera.
Ill zan Txurruka!... Ontzia berriz
zuloz josia urpera...
Orduan jatxi zuen altuan
arro egon zan bandera.
|
Jibraltar-era eraman zuten
ontzi guzia pusketan,
berritu eta irukitzeko
onroso ango uretan;
gero kamaran, ate buruan
eta urrezko letretan
jarri zioten Txurruka, zeren
ausarkia zan gudetan.
|
Miragarrizko erespetoan
euskaldun aren izena,
geroztik beti onratua zan
ala merezi zuena;
ontzi-kamara ikustatzera
sartu nai bazan, aurrena
burutsik jarri azitzen zuen
gero sartzeko barrena.
|
Txurruka umant(3) aren izena
indartsu leku denetan,
famaren otsak zabaldu ziran
presaka urrutietan;
kontatu ere iskribatzalle
denak beren kondairetan.
Españiako glori aundi bat
zala itsas gizonetan.
|
(Euskal-Erria, 1882.)
(Baserritarra, 82 zenb., 1907-XI-23)
(1) Volcán. (Egillearen oarra.)
(2) Ventaja. (Id.)
(3) Héroe. (Id.)
|