|
Biktoriano Iraola
Artzai-jolasa
(Poesía seņalada con premio extraordinario
en los Juegos Florales de San Sebastián de 1883.)
Gozozko penak ara argira artzai birenak;
Rufino eta Martina dira beren izenak.
Bai, kanta bear ditut orantxen keja eztiyak;
bai, kanta bear ditut beraren kontu guztiyak.
Ardiak ere arreta aundiz, umill, gaixoak,
entzuten zeuden amore kontu aztutakoak.
Entzun itzazu beraren ordu argi illunak,
entzun itzazu artzaitxoaren kantu legunak...
Eguzkiaren jira guzitik argi luziak
ongiro aundiz jaisten ziraden bizi-biziak;
eta Rufino, etzanda aritz baten oņean
oroitz aundiko menditxo berde baten gaņean
presaz pasiaz aldamenetik pauso ariņez
txit ur garbia, bide guzian soņu egiņez
eta ur aren mur mur soņura ziņez esanaz,
modu onetan arrazoitzen zan kejak emanaz...
|
Rufino.-
Marmola baņa gogorragoa nere kejari,
eta petxuan erretzen nauen su biziari,
elurra baņa izoztuago zaude guzia.
Illtzen naukazu! Eta beldur det, beldur bizia:
zu gabetanik, zeru argia, zer daukat gero?
Zertarako naiz, zertarako zuk laja ezkero?
O!, txit lotsa naiz iņork onela ikusitzea,
zuregandikan orren gorrotoz gelditutzea...
|
Eguzkiaren ari sutuak zabaldutzean
mendietan da ibartxoan, da esnatutzean
txori, egazti, animaliak eta jendea,
alai paseaz tontor altuak, ibar berdea
eta egalka aize garbian txori libreak,
sinista nazu, isurtzen zaizkit malko aleak.
Eta zu nere bizi tristeaz oso azturik,
agertu bage zertxo bat ere sentimenturik;
zuregatikan, nere Martina, nua iltzera,
eta nigatik apur bat ere kupi etzera;
zu zera nere fede ederra galdu dezuna,
baņa zu zera fede on ori zor dirazuna.
O, Jesus ona! Esan zadazu, esan zergatik,
ikusten dezun ezkero zeru altu ortatik;
zertan aur oni zerbait gaztigu bigaldu gabe
zaude, izanik zu lur ontako guzien jabe?...
Zuregatikan gerizdun saroi eder berdea,
zuregatikan mendi altuko bakardadea,
gustatzen zaizkit baratz alaiak eta basoak;
zuregatikan arbol tantaiak, aize gozoak,
lili zuria, krabeliņ eder gorri-gorria,
eta gaņera deseo nuben udaberria.
Baņa o nola arkitzen nintzan leialtadean,
zure petxuan zer gordetzen zan jakin gabean!
Arkumetxoak kupidaz daude neri begira;
arri gogorrak bigundu eta zatitzen dira;
arbolak ere diruditela makur antzean,
eta entzuten nauten txoriak kantatutzean,
errukituaz, jarri naute, o!, berak kontuan
nere iltzea nola dioten beren kantuan.
Zure petxua besterentzako bada gordea,
utziko ditut baratz alaiak, saroi berdea;
utziko ditut ardi umillak, arbol aundiak,
eta aserik negar malkotan penaz begiak,
laister joango naiz zuregandikan urrutiara;
laister joango naiz ontzi batean Amerikara.
|
Martina.-
Zer esan dezu azken itz ortan? Jesus laztana!
Zer buruzbide gaizto sartu da gaur zuregana?
Urez ontzian, urez urruti joan nai dezula!
Arren orlako lanikan pentsa ez dezazula!
Urian joanak badira lenaz, galduak noski,
zure bi anai; eta aiekin ez dezu aski?...
Baso saroian entzun dizkizut keja biziak;
entzun itzazu petxu leialen egi guziak.
O!, txit urruti izanda ere, beti aurrean,
beti nerekin, beti lotuta zauzkat gordean.
Nola ixildu, nola estali gaur nere poza,
zuregatikan senti banuen eri biotza?
Eta miņ arren indar gogorrak, uste gabean,
geldi-geldirik sartu ninduen iya lur bean.
Txiribistatzen duen modura matsa gozoak
zeruraņoko zumar tantaien adar osoak,
arek itsasten duena baņa ere geiago
zauzka, o!, nere biotz samurrak laztanduago.
Muga gabeko landatxo ontan erakutsiaz
naitasun ona, eta beldurren kejak utziaz,
biziko gera arditxoari ņo ņo deituaz,
eta artalde eder mardula pozkidatuaz.
Gaņera berriz aukeratuaz sagar umoak,
udare bigun, matsa gorrien bere zumoak,
txori txikiak pirripipika kantu legunez,
aritz loditik gereitz azpitik aiek entzunez.
Zigortxo batez lazo artetsu mallaz egiņa
arrapatzeko zozo jalea, erbi ariņa
egazti gaizto txori txikien arraparia
eta iztingor begi zorrozdun egaalaria.
Baņa zergatik arkitzen ziņan aiņ izutua,
jakiņik zugan senti dedala petxu sutua?
Ez al zerade oroitzen nola txiki-txikitan
igotzen ziņan intxaur gaņera neregatikan,
eta lurretik aiek bildu ta nola jatera
igotzen giņan arkaiztxo altu baten gaņera
|
Nor goratzen zan gingak biltzera arbol aundira?
Nork ekarritzen zizkidan gero magal garbira?
Eta azkenez, nor irteten zan nere bidera,
usai gozozko loratxo sortak eskeiņitzera?
|
Txantxetan ere entzun orduko "Amerikara!",
zillar bizien gisan sartzen zait bildur ikara.
Zenbat dirade aberastu ta beren errira?
Eun, berreun, millatik zenbat biurtu dira?
Bat edo beste mirari batez azaldutzea
zerbait fortunaz, ori da dana? Zer izatea!
Ara bultzatu artean beti aginde onak,
zillar nai ezik baleude gisan ekarri sonak;
eta ibarrak, eta saroiak, eta basoak,
danak utzi ta joaten dirade gizarajoak.
Zer egin dute ara joandako zure lagunak?
Non gorde dira ustez berentzat zeuden fortunak?
Urrutietan, adiskide bat albuan gabe,
orla galdutzen dira, Rufino, bost doakabe!
Kontatzen ditu frankotan Pello Arizpekoak,
kontatzen ditu Indi aietan pasatakoak.
Entzun zaizkazu, entzun Pellori ango trantzeak,
eta dardara sartuko dizu oroitutzeak.
Ikusten dira, dionez, baso gaizki landuak,
landa gorriak, eguzkiaren suak galduak;
arbol bat gabe, azken bageko kanpo luzeak,
eta frankotan ito bearrez suzko aizeak.
Eta, Rufino, anaien kartaz oroi etzera,
urrikarriak nola nai zuen bere etxera
laister biurtu, ikusirikan ango bizia
esanaz zala loteki (1) zuri bat izatea?
Ni baldin banaiz benez benetan zure maitea,
biotzetikan eskatzen dizut: geldi zaitea.
|
Rufino.-
Bai milla bider. Zu zera nere laztan gozoa
eta zurekin igaroko det bizi osoa.
Beti nerekin biziko zera kejarik gabe.
Ni izango naiz betiko zure biotzen jabe.
Zumar altuen azpi berdeak gereitz jartzean,
eta ardiak gereitz artara alderatzean,
zuk kontatuko dituzu gure arkumetxoak,
zuk kontatuko dituzu zenbat diran gaixoak.
Iturriaren otsa geldiak ta suabeak,
egaztitxoak, txori berritsu jabe gabeak,
entzunaz beren kantatxo garbi polit legunak,
aiek izango dirade beti gure lagunak;
aiek bezela biziko gera, izar laztana,
aiek bezela igarotuaz bizitza dana.
|
(Euskal-Erria, 1883.)
(1) Esclavo. (Egillearen oarra.)
|