Bere seme batek Donostiari


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Iraola Biktoriano »  Au poza senti det eta beste bertso asko »  Bere seme batek Donostiari

Biktoriano Iraola



Bere seme batek Donostiari



(Poesía señalada con mención honorífica
en los Juegos Florales de San Sebastián de 1883.)



Ameriketan neukan denboran
osasunako pobreza,
ongi jartzeagatikan nuben
egin Lezo-ra promesa;
aginde ura etzalarikan
kunplitzen oso erraza,
noizbait etorri naiz da entzun det
Lezo-ko eleizan meza.
Au dala bide allegaturik
Donostiako errira,
non nabillenik ez dakitala
eman det guztian jira;
lendabiziko jarri naiz zarra
deritzonari begira,
neretzat onen etxeak ere
geienak berriak dira.


Ikuste batez arkiturikan
ezin esan ainbat grazi,
segiduban naiz bere eskiña
guziak miratzen asi;
bañan zer pena alde batera
-nonbait ez dirade bizi-erri
guztian ez ditut amar
lagun lengoak ikusi.
Ez det billatu non dan ni jaio
nintzan olezko barraka,
au zan tokiak bere gañean
etxe eder bat baidauka;
kaleak ere lendik onera
izen trukatuba dauka,
nere jaio ta bizi lekubak
lengo antzikan ez dauka.


Alde batera senti det poza,
bestera berriz det pena,
ikusi gabe ezkutatzea
nere jaioterri lena;
gaur iruri du uso txuri bat
itsas gañean daguena,
ego ederrak zabaldurikan
egan joan bear dubena.
Ez dira lengo murru kopeta
beltz itsusiak ikusten,
beren lekuban zer ibiltoki
ederrak egin dituzten!
Aiek etzien usotxoari
egak zabaldutzen uzten,
zori onean arrasetikan
guziak kendu zituzten.


Oso kanpora ikusten dira
milla bat etxe berriak,
beren artean jauregi-etxeak (1)
diruritenak erdiak;
kaleak eta plazak ederrak,
dendak begiragarriak,
ametsetako gauza bat dala
diruri nere erriak.
Etxe aundi ta ederrak egin
baldin badira ugari,
ez dira ere eskasagoak
egiten diranak ari;
beste askoren artean Plaza
Gipuzkoan da bat ageri,
jendea prankok begiratuko
diona bere lanari.


Pauso lekubak ederrak daude,
politak lore tokiak,
ur-amilde ta iturritxoak
nola txabola txikiak;
oekin argi-oin burnizkoak,
soñu leku ta alkiak,
begiragarri jartzen ditula
gabaz tximistki(2) argiak.
Uztai urrezko baten erdian
dauka itsaso urdiña,
bere grazia ederraz biltzen
diona zorion diña;
perla polit au dago zeruko
eskiñ batean egiña,
itz batez, au da mundu zerubak
elkartzen diran eskiña.


Emazteari segiran bear
diot nik adierazi,
etor dedilla Donostiara
bere pamili ta guzi;
ez det au bañan toki oberik
Indi guzian ikusi,
ez nua berriz Amerikara,
ementxen bear det bizi.
Erririk graziz orniturikan
iñon arkitutzen bada,
beretako bat gure probintzi
Gipuzkoan Donostia da;
lurrak gañean jaso lezaken
politenetan bat bada,
aurrera ere dan bezin polit
gorde dedilla al bada.


(Euskal-Erria, 1884.)



(1) Palacios. (Egillearen oarra.)
(2) Luz eléctrica. (Id.)









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org