|
Biktoriano Iraola
Kazkarabarra
(Nere adiskide Antonio Arzak’i)
Turmoiaren otsak etzuben artean
dardaratzen zeru goibelen bea;
jostatzen zebillen zelaitxo batean
aur begi ñabar bat gaitzik gabea.
|
Euritan nastuba oparo jaisten zan
soñuba egiñaz kazkarabarra;
guztizko kontentu begira jarri zan
perlak ziralako begi ñabarra.
|
- Bai, bai, ala dira -ta aingerutxoak
bildutzen zituben txit poz aundiyaz,
aleka, aleka, perla urezkoak
mantaltxo zuriyan kontuz jarriyaz.
|
- Zeruko arriyak biltzean nai aña,
eta apaintzeko gero lepoa,
Mariatxok duben lepandea (1) baña
amak egingo dit ederragoa.
|
Lepotik kolkora jaisten zaizkitala,
jiran txit poliki jarriya dana,
esatera nua egiñ dezaitala
lepande eder bat amatxogana.
|
Eta modu ontan, bi salto emanaz,
etxera korrika juan zan segiran,
gaixoak pozkiroz bidean esanaz:
- A, bai, zer ederki emango diran!
|
Uste eder ura; bere perla fiñak
ikutzerakoan fortuna txarrez,
ur biurtu eta bere atsegiñak
galdu ta jarri zan penaz negarrez.
|
Utsirudiaz ta uskeriz beteta
gertatzen dana da au geienean:
perlak dizdiatzen urrutitik eta
ura, ura utsa ikututzean!
|
(Euskal-Erria, 1889.)
(1) Colla. (Egillearen oarra)
|