Pedro Mari biursari gozotsuarentzat


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Iraola Biktoriano »  Au poza senti det eta beste bertso asko »  Pedro Mari biursari gozotsuarentzat

Biktoriano Iraola



Pedro Mari biursari gozotsuarentzat



Dakidalarik, kasikan iya
ezin sinistu det nik, ai!,
Aitorren seme biursariyak
eztubela kantatu nai;
zerubak zuri euskal izkuntzan
emanik ainbeste doai,
Ama Euskara zu entzuteko
gaisoa or daukazu zai,
poztu deriyen esan zaiozu:
“Bai, kantatuko dizut, bai!".
Esan zaiozu bete-beterik
petxu leiala su-garrez,
kanta zaiozu iruki gabe
Ama maitia negarrez,
arranoaren egaa moduan
goititurikan indarrez,
estali zazu berdin gabeko
itz gozo garbi ederrez,
nola zeruba estalitzen dan
gau garbiyetan izarrez.


Txoriyak bere umearentzat
eztu ainbeste naitasun,
nola zuk, Pedro, mantxa gabeko
lur santuari diyozun;
saroi tarteko txori egazti
danak nai zaituzte entzun,
euskera zarren edertasunak
nola goititzen dituzun...
Zuk eztakizu izkuntz arrekin
zenbat poztutzen gaituzun!
Kantatu zazu saroi berdean,
kantatu mendi goietan,
baso beltzean, errekatxoan,
zelai ta bordatxoetan;
kantatu zazu ibai ertzean,
arbol tantaien gañetan,
usai gozozko baratza loraz
ederki apainduetan,
baitare ibar alaitsu eta
atari garbi aietan.


Zure itz eder eztitsu aiek
esanaz alako bigun,
biyotzeraño allegatutzen
dira eztiro ta legun;
eztakit zuri zer jaungoikozko
graziyak sartu zaizkitzun,
beti oparo argiratzeko
orrenbeste edertasun,
Pedro, uste det neurri gabeko
doaiak ote dituzun.
Ondar txe-txea milizkatuaz
goititzen dira ur meak,
goititzen dira nagirik gabe
pizti ta beren umeak;
modu berean astindu eta
kanporaturik nekeak,
ala gainduko dituzu gure
izkera eta legeak,
esanaz zer dan euskal lurra ta
zer diran bere semeak.


(Euskal-Erria, 1891)






Pedro Mari Otañok bertso auen bidez eman zion
erantzuna Iraolaren saillari:



(1892)



Ordañak



Beti oitura deran bezela,
juan dan larunbatian,
lantegitikan atera eta
afaltzera bitartian,
Lenguxu-nera juan nintzan ta
sartu orduko atian,
Pakok sei bertso eman zizkidan (1)
papertxo txuri batian,
esanaz: “Ia asmatzen dezun
zeñek moldatubak diran”.
Aiñ griña aundiz gelditu nintzan
begira paper artara,
non irakurri nitubeneko
bost edo sei errenkara.
erantzun nion: “Pako, kantu au
izugarri ederra da,
ta nere ustez etzitzakian
Sarituak bestek para:
nik dakidanik ura bakarrik
irixten da orretara”.


“Asmatu dezu -zion far-irriz-,
ark berak ipiñi ditu,
ta badiruri ederragorik
eziñ leikela aditu;
or ezagun da nola etzaizkan
oraindik indarrak aitu,
bañan txit onak arek jartziaz
eziñ giñtezke arritu,
sinisten zaill bai izango zala
txarrak azaldu balitu”.
Askok aitortzen du ez dubela
euskerak edertasunik,
ezagutzen ez dakitenentzat
ezer ez baita gauz onik:
bañan paper au irakurrita
zuri esaten dizut nik:
kantu doaiez betetako au
bear bezela entzunik,
ez nuke nere lagun izan nai
limurtzen ez dan gizonik.


Sarituaren muñetan suba
Musak zuten irazeki,
ta pentsaerik aundienentzat
badu bear aña toki;
jakintsu danen gisara egiten
du bere buruba txiki,
aiñ maite duben Ama Euskera
nairik lurretik eraiki,
biursarien galdezka dator
ta berak aña nork daki?
Ama Euskera maite dutenak
zenbait euskaldun onradu
oraindik ere arkitzen dira,
ontan suerte ona du;
bañan aiñ ego motxak dauzkagu,
eziñ juan gera gora gu:
zu, Saritua, zuaz aurretik
eta bandera zabaldu,
nik desio det ibillitzia
zure atzetik soldadu.


Beste izkuntzik galtzen saiatu
ez bada Ama Euskera,
zertako datoz atzerritarrak
oso zegona austera?
Pixti gaizto bat balitz bezela
sartu naian auspera?(2)
Nola ez gera gu altxatuko
Amari txutik eustera?
Izan gaitezen seme leialak
goitu dediyen ostera.


(Euskal-Erria, 1891)



(1) Pako au Frantzisko Lopez-Alen (1866-1910) donostiar euskal idazlea da.
(2) Lerro au neurrian motz dago. Gure iritzirako, naiean edo
nayian bearko luke.









     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org