Pakearen ontasunak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Iraola Biktoriano »  Au poza senti det eta beste bertso asko »  Pakearen ontasunak

Biktoriano Iraola



Pakearen ontasunak. Pakea da zerua



(Aipamen onragarria Oiartzunen irabazitako moldaera.)



I



Eta gudatzen dirade nola
leoi zauritu mintsuak,
dana guziya kiskaldu naian
koaje biziz sutuak,
mendi gañetan, bordan, zelaian
utzirik odol putzuak,
danak ausardiz jazar lekura
elkarren kontra, itsuak...
Españiako semeak dira
orlako koajetsuak.
Nola txingarrak sututzen duen
itxekitzean argaia,
zanja zuloan alatsu batek
bestea urratu naia,
burniz bota du bere oñetan
izan dubenean gaia,
ubeltasunak eta odolak
ezkutatua etsaia,
ai!, ezagutu duben artean
zala beraren anaia.


Egite triste arri begira
arpegiya estalirik,
eta gerraren izen mintsua
izuz madarikaturik,
penak aiñ gogor, aiñ indarrean
eztu zatitu biyotzik;
lenaz jazarran itxumendua,
oraiñ eziñ egiñ itzik,
anaia laja zuen ezkero
zanja zuloan illotzik!


II



Udaberriko aizetxo bigun
mintsuen sendatzallea,
pozkiroz bizi diraden txori
librien laguntzallea,
eman zadazu kanta dezadan,
ekatzu argi bidea;
goitu dezadan eskatzen dizut
anima pozez betea,
azaldutzeko zer ederra dan
miragarrizko pakea.
Nik baneukazki aita lenenen
izkuntza gozo legunak,
nik baneukazki euskal jakintsu
argitsu aiek lagunak,
kantuz goitutzen arrats luzeak,
kantuz goitutzen egunak
nik igaroko nituzke pozez
autsiyaz odei illunak,
mundu guzira zabaldutzeko
dituzun aunditasunak!


Iparraldera igeska joango
lirake odei nabarrak,
ez lirake, ez, kontra jarriko
turmoi ta kazkarabarrak;
zu illuntzeko ez dira diña
dana guziyen indarrak,
ez dira diña arras beltzeko
aize gogorren jazarrak,
zeren ipintzen zaituen diz diz
zeru altuko izarrak.
Arrano abill begi zorrotzen
modura egaaturikan,
zeruetara igarotuaz
odeiak urraturikan,
nork lezakean kantatu zure
aunditasunak andikan,
eguzkiyaren argi bizira
ojuaz biyotzetikan:
“Ezer ez dala pakea beziñ,
ezer, ederragorikan!“.


Zer da lurrean konparatzeko
argiya beziñ oberik?
Zer da zeruan eguzkiyaren
musua beziñ ederrik?
Biyak munduan aiñ pozgarriyak,
aiñ goitandiyak izanik,
bedeinkatzen dan pake santuen
azkengabeko doairik,
ez dakit biyak berdiñdutzeko
diña diraden oraindik.
Maite zaituzte pozkiro aundiz
artzaiak mendi goietan,
maite zaituzte egaztitxoak
borda ta baso beltzetan,
maite zaituzte iturritxoak,
maite saroi, zelaietan,
txabolan eta baserritxoan,
ibar txuri garbiyetan,
itsaso zabal urdiñian da
diraden leku danetan.


Pake santua, zeru goietan,
tronpeta luzien bozaz,
mirarituak uzten dituzu
zure egite bakoitzaz;
laño txuriyak itzultzen dira
ariñ ingurutik lotsaz,
eta gizonak kontatzen dute
lurra jartzen dala pozaz,
nekazariya ikusitzean
porrokatutzen bostortzaz.
Kiskaltzen ditu gerra gogorrak,
soroak eta basoak,
izuz beterik eskasten dira
nekazariyen besoak,
eguzkiya’re penaturikan
illundutzen du lausoak;
bazter guziyak naiz ala egon
porrokatuak, sutuak,
altxatzen ditu denak aingeru
pakezkuen itz gozuak.


Ama on batek gerratik jiran
bere semea etxean,
egongo zana berri bat gabe
guztiz denbora luzean,
Jaungoikoari milla graziyak
malkoz eman ondorean,
eta semea ikusirikan
bere biyotzen aurrean,
zer pozez amak laztantzen duen
pakearen izenean!
Ezta entzuten mendi gañetan
gudariaren ojurik,
ezta entzuten dunbots otsikan,
ezta balaren txisturik;
pakeak dauzka saroi zelaiak
lora politez jantzirik,
errekatxoak far antzan doaz
ariñ, kontentuz beterik...
Guziya dago galaiturikan,
guziyak daude pozturik.


Orregatikan ojukatzen da
gogoz zeruetatikan
zantzo irrintzi pozgarritsuan
mendiyen tontorretikan,
artzai paketsu gaitzik gabea
kontentu txabolatikan,
eta nola ez otsa erori
atera biyotzetikan,
munduan ezer ez baldiñ bada
zoragarriyagorikan?
Mendi gañean agertutzean
eguzki zerukoi ori,
txori txikiyak osto azpitik
asitzen dira kantari,
agur egiñaz egun berriko
aizetxo pozgarriyari,
baratz loratsu galaiari ta
menda inozenteari,
erriyo, ibai geldiyari ta
pake maitagarriyari.


Pakea nai du itsas gizonak,
pakea nekazariyak,
pakea gerra-zaleak eta
beraren agintariyak;
pakea nai du almentsuak ta
pakea eskalariyak,
mendiyetako pizti gaiztoak,
txori jostallu txikiyak,
goitandi eta menderatuak,
pakea mundu guziyak.
Zu gabetanik argitutzen du
eguna ere tristea,
zu gabetanik ezta ikusten
txoriya pozez betea;
zu gabetanik atsekabeak,
zu gabetanik nekea,
zoriona txit laburra eta
zorigaiztoa luzea,
zu gabetanik mingarriya da
munduan bizitutzea.


Zuregatikan kantatutzen du
zugaztiyetan txoriyak,
zuregatikan uriztatutzen
dirade lora garbiyak,
indartzen dira arbol tantaiak,
baratzak eta saroiak:
zu onratzeko kantatutzen du
itz neurritzalle goitiyak;
errekatxoak, ibai zabalak
eta iturri txikiyak.
Zure izena bedeinkatzen da
gurutzearen oñean,
zure izena pregoitzen dute
itsas zabal urdiñean,
atsegindurik ipindutzen da
lekurik altuenean,
aiñ maiterikan, aiñ otseztirik
nik eziñ esan añean,
mundurik mundu damurik gabe
gauza guziyen gañean.


Aiñ da ederra! Zeñek eztu nai
egon beraren urrean,
nola txoriyak egoten diran
kabi txikiyen aurrean?
Ala goitutzen dute kantetan
kalian ta ibarrean,
eta pozturik kantatzen dute
fedetsu ta indarrean:
“Zeru altuan Jaungoikoa ta
pake santua lurrean!“.


Bertso-papera, Imp. de V. Iraola moldiztegian argitara emana eta Oiartzungo Jose Joakin Mitxelena bertsolaria zanaren eskuetatik jasoa.



(1897, Euskal-festak Oyarzunen, 0roimengarria.)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org