|
Biktoriano Iraola
Arrantzalea
|
(Airea: Intxauspeko alaba dendaria. )
|
|
|
Nere ume, ume zoragarriya,
jatxi zaite itsas bazterrera,
biyotz bigun eriyen kantatxoak
ixiltasun ontan entzutera.
|
Bateltxoan biyak eseri eta
naitasunez bakar-bakarrean,
nere antsi amoriyoz beteak
sartutzeko zure biyotzean.
|
Gau illunak zerua estaltzen du,
itsasoak ez dauka mugirik,
aize bigun epelak soseguan,
dana dago, dana zori-ongiz.
|
Itsasora irteten naizenean
goizean goiz nere bateltxoan,
beti zaitut imajiña bezela
eramaten gordia kolkoan.
|
Biyak joango gera goizaldi batez
bogatuaz itsas barrenera,
aize ariñ gozotsuen soñuan
naitasunen penak kantatzera.
|
Zuretzako arrapatuko ditut
milla arrai polit politenak,
gero aiek oartu ondorean
zutzaz dira gustatuko denak.
|
Jakiñ zazun amoriyua nola
senti detan biyotz xamurrean,
eskeñiko dizut juramentua
itsas eder urdiñ zabalean.
|
Bateltxoan joango gera urruti
baga kiskur urdiñak pasiaz,
altxatzen dan afar arro zuriya
agurtu ta atzian lajiaz.
|
Ur aundiyak etzaitu izutuko,
ez eta’re aize indartsuak;
ikustean zure begi zabalak
biurtuko dira gozotsuak.
|
Erregintzat otsandetuko zaitu
ugumarrak (1) kantu eztitsuan,
itsastarrak zerura goitituaz
zorionez pozezko ojuan.
|
Atozkit, ai!, atozkit batelera,
atoz, arren, atoz bereala;
illargiya dizdiatzen ari da
illun zeguen itsaso zabala.
|
Aize bigun onak bultzatzen ditu
bagatxoak nere batelera;
atoz laister, ume zoragarriya,
biyotz ill au konsolatutzera!
|
(Ibaizabal. 1902, Otsailla, 23.)
(1) Sirenas. (Egillearen oarra.)
|