|
Biktoriano Iraola
Anjelatxo
Dana zegoen pake santuan,
dana isiltasunian,
aingerutxoa oieratua
gelatxo politenian;
altxatu eta zaitzen jarri da
koltxoi bigunen gañian:
eulitxo baten otsikan etzan
aditzen etxe danian,
antxume txuri ariñen gisa
andik saltatu zanian.
|
Bere amatxok esaten zion
aingerutxoak zerutik
jaisten zirala nexka politen
kontuan egotiatik;
meza-libruan zer potxoluak
ziran ikusiagatik,
beraren lagun egiñ nai zuen
aiñ txoratua, aiñ pozik,
par-irritxuan laztantxo bana
biotzez ematiatik.
|
Bere gelako ate txikira
bildurraz eta pozikan
anka punttetan iritxi zan ez
egitiatik otsikan;
kontuz entzuten jarri zan baña
etzan ezeren kinkikan,
pasabidian argi ontzi bat
argi egiñ nai ezikan,
ikusten zana doi doi atien
azpiko zirritutikan.
|
Ille kixkurdun begi urdiña
arretaz ate onduan,
arrimatuta giltza txulotik
zerbait aditu nai zuan;
baiña gaixua txokaturikan
eziñ sinistuz zeguan,
zion txit penaz gora begira:
“Zerbait pasa da zeruan,
aingerutxoak ez diranian
agertu beren orduan”.
|
Dorre beltzian bederatziak
nagitsu joagatikan,
aingeru goxo egal luxien
berririk etzan goitikan;
nik eztakit aur zoragarriak
sentitzen zuen otzikan,
baña zer pena izango zuen,
ala egonda zutikan,
oieratzia zerutarrikan
ikusi gabetandikan!
|
Naita bezela itzalia zan
sebo gabeko kandela,
nonbait etzuen ikustia nai
kamis utsian zeguala;
ontan pausoak nabaitu ditu
eta sinisturik ala,
presaz txit ariñ salto batian
oieratu da berela,
baita jarri’re bill-bill eginda
lotan balego bezela.
|
Aiñ biotzetik desio zuen
aingeru maite-maitia,
izango zala uste zuena
urre txingarrez betia,
loraz jantzia, ille kixkurra
bizkar gañera botia,
egal lumazko txuri txuriak,
potxolo gazte gaztia...
Ontan ixilik alderatu ta
kontuz bultza du atia.
|
Baña non urre txingarrak jetxi
biar zutenak zerutik,
ikusitzen du ama sartutzen
gelako ate txikitik;
joaten zitzaion gau guzietan
argitxuakiñ ixillik,
bere kuttuna ikusi eta
lo gozotsuan utzirik,
musu xamur bat kontuz emanda
ateratzen zan gelatik.
|
Erdi zabaldu ditu begiak,
ezkutatua argia,
segitzen zuen mugitu gabe
entzun naiean guzia;
baña oiean nola egiña
zeukan kabitxo guria,
eta gañera begiak ixten
aspalditxotik asia...
abo xabalka lo gelditu zan
aingeru zoragarria.
|
(Ibaizabal, 1902, Azaroa, 9.)
|