Aritzaldeko alaba


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Iraola Biktoriano »  Au poza senti det eta beste bertso asko »  Aritzaldeko alaba

Biktoriano Iraola



Aritzaldeko alaba



- Txaketa beltxa, gona urdiña,
txesto polit bat besuan,
plazarakuan ikusi zaitut
txori ariñen pausuan;
begiak alai jarri nituen
gona barrena jasuan,
ala pozikan egongo nintzan
begira ordu osuan,
esanaz: “Zeñek atxi lezaken
uso polit au lazuan!".
Ainbesteraño gustaturikan
zure arpegi leguna,
berialaxen eskeñi nizun
nere naitasun biguna;
baña far gabe esan zenidan
galduaz alaitasuna:
- Gizarajua! Nekez zabiltza
jarriaz kopet illuna,
eguzkia det adiskidia,
bera da nere laguna.


- Lagun egiten dizun bezela
eguzki garbien galak,
zu txoratuko zaitu aurtxo bat
nola amaren magalak;
laguntza ori pozez artzen du
Aritzaldeko alabak,
bideko festak nola ez diran
izango noski makalak,
a, zer mantxunga atxitu duen
eguzki kopet zabalak!
Ni’re ixilik joatiagatik
eguzkiakin batian,
mingañen punttan iruki zaitut
txintxilik ordu betian;
baña orantxen esango dizut
mirarik gabe golpian:
emango nuke errialtxo bat,
naiz izan nere kaltian,
laguntzen dizun eguzkiakin
izatiatik partian.


Zenbateraño maite zaitudan
jakiñ biazu ezikan,
zeren ez pentsa kontatutzeko
daukatala nik lotsikan.
Badakizu zer zure merio
egingo nuken kasikan?
Txardiñ xarrakin aste osua
pasako nuke pozikan,
zure onduan, ai ene bada!,
onla egotiatikan.
Berriz ikusi zindutanian
lengo illunabarrian,
zure ondoren ibildu nintzan
eizian bulebarrian.
Ez al dakizu txoriak nola
jostatzen diran larrian?
Ni jostatuko nintzake ala
zuk ez artzera txarrian,
naiz gero kontu guziak eman
Jaungoikoaren aurrian.


Erri osuan zu bezelako
bi ez dirala deritzat,
eta gañera artuba zaude
izarra beziñ argitzat;
nik eztakit zer merezi dezun,
laztan-laztana, saritzat,
bada Jaunaren almena banu,
artu zadazu egitzat,
berielaxe egingo nuke
zeru berri bat zuretzat.
Nere petxuko garra biziak
zuregatikan daudenak,
dira kupira gabetandikan
sutu azitzen nautenak.
Baña ez al du ezer merezi
onla sufritzen duenak?...
- Senarrengana laister nua ta
zure biotzeko penak
esango diot zigor batekiñ
ateratzeko dienak.


(Ibaizabal, 1902, Azaroa, 23.)


(La Vasconia, 1903-X-20.)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org