|
Biktoriano Iraola
Gaixuak!
Aize izoztu beldurgarria
gallendutzen zan indarrez,
mendi altuak, kanpo zabalak
jantziak zeuden elurrez;
eguzkiaren begiratua
etzan arpegi ederrez,
txori alegre kantari aiek
etziran ikusten errez,
nonbait gaixuak gordeta zeuden
elurtearen beldurrez.
|
Zugazti baten adar ertzian
guztizko kontuz gordiak,
txoritxo batek zeukan kabia
eta kabian umiak;
amak beraren egal azpian
estali arren tristiak,
ume erbalak arkitzen ziran
gaixuak otzak pasiak,
eta txioka dardar ikaraz
ia illian gosiak.
|
Egaa zabalez eta koajez
aldendutzen da kabitik,
kanpo elurrez estali artan
zerbait billatziagatik.
Baña, ai!, baratz polit aietan
etzan arkitzen lorerik,
ala txoritxo koajetsua
saiatutzen zan alperrik,
zeren janari guziak zeuden
elur azpian gorderik.
|
Ogi apur bat arkitu eta
tristia guztiz kontentu,
egaa bizian umietara
beriala zan jiratu.
Zer poza senti ote zuben ark
zitzaionian eratu!
Ala txoriak mokuen punttan
ura zubenian artu,
zugaztiraño iritxi naian
etzan gaixua geratu.
|
Ama leiala allegaturik
arbolen aldamenera,
tunpadako bat ordubantxen zan
bazter batetik atera;
egalak oso purrukatu ta
eroritzen zan gaiñ-beera,
bere kabia zeukan arboltxo
zugaztiaren oñera,
nagiak jua balitz bezela
illa elurren gañera.
|
Eiztari bat, ai!, bere eizari
kontentu aundiz begira,
egite eder arren pozian
kantari dua errira;
txori txikiak beti txioka
artean bizi badira,
isildu gabe penagarriak
aizera ariko dira
amari deika, noiz biurtuko
ote zaioten kabira.
|
Egun sentien argi berriak
kantuz agurtzen diranak,
etziran entzun goiz triste artan
lenaz entzuten ziranak;
kabian epel bere amakiñ
guztiz kontentu zeudenak,
ai!, txori txiki eziñ egonak,
lenago arren gizenak,
gau luze artan gosiak eta
otzak i ll zituen denak.
|
Eguzkiaren indarrak gero
bultzarik aize txistuak,
etziran asko pozkiratutzen
zugaztiko umetxuak;
umezurtzaren gisa lajiak
ziran eiztari gaiztuak,
nola etzuten zeñek emanik
lengo atsegin gozuak,
amarik gabe nola biziko
ziran umiak?... Gaixuak!
|
(Ibaizabal, 1903, Garagarrilla, 21.)
|