|
Biktoriano Iraola
Juana eta Martiñ
I
Grazi aundiko beltxeran polit
zoragarrizko laztana,
ortz errenkara txuriak beti
erakutsitzen dauzkana,
mirabe ondo itzegiñetan
goxuagarik ez dana,
baña begiak jarri zituen
ezkero Martintxogana,
ez dauka lengo edertasunik,
galduba dago diena.
|
Martiñ txit mutill panparroia zan,
patxandiz jantzia, kontxo!,
gazte egoki jostalaria
apaintzen zana ondotxo;
baña galaia goiz bat ezkero
ez dabill len beziñ goxo,
ikusi zuben ezkeroztikan
begi beltz eder Juanatxo,
gizarajuak ez daki nola
berekiñ egiñ panpantxo.
|
Beltxeran eder zoragarria
etxe oneko dama zan,
mutilla berriz fortuna txarrez
bizitzen zana pobrezan;
bien arteko diferentzia
nola ain txikia etzan,
maite zuela esan nai zion
betiko sinista zezan,
baña mendian lotsak artuta,
ai!, etzekien zer esan.
|
Bere guraso biotz gabeak
ikusi arren urtutzen,
ez diote nai diru zaliak
damari utzi ezkontzen;
naiago dute bertan ikusi
kupirik gabe erotzen,
naiago dute bertan illotzik
asnasa gabe erortzen.
ez laja mutill ezer ez duen
beartsuakiñ batutzen.
|
- Animatikan esaten dizut:
ni bizi naizen artian,
nere Martintxo, maiteko zaitut
biotza bete betian.
Mutillak gozoz erantzun dio:
- Biok alkartu gaitian,
Amerikara nua segiran
fortuna baten bidian...
Eta ara zer esan zituzten
gero etxeko atian.
|
- Nai al dirazu?
- Biotzetikan!
Laztana, ez nai aztuko!
- Bene benetan?
- Naitasun fiñ au
etzait sekula oztuko!
- Nere Martintxo!
- Nere ametsa!
Ezta sortu ta sortuko...
Juramentuba eskeintzen dizut;
ni zutzaz aztu orduko,
nere biotza penaren kargak
lenago luke urtuko.
|
II
Ainbesteraño maite izan da
bi urte pasa baña len,
pixka pixkaka naitasun aiek
ederki aztubak zeuden;
naiz benetako juramentubak
biotzetik irten arren,
galai egoki gazte batekiñ
biak egiñik alkarren,
txoko-txokuan Martiñ lajata
ttaka ezkondu ziraden.
|
Martiñ tristia fortuna billa
Amerikara joana zan,
alare bere etorkizuna
etzan uskeri bat izan;
Juana ezkondu zan egunian
faltso gezurtien gisan,
Martiñengatik zer esanikan
iñork iduki ez zezan,
beste panpoxa batekiñ ttaka
ezkondu ziran elizan.
|
Juanak Martifiengatikan dio
aiek zirala itz onak,
Martiñek berriz kulpa zuela
arri entzuten zionak;
baña gezurrak nola diraden
bat eta beste dionak,
orrentxengatik mundurik mundu
daude zabalduak sonak,
txarren-txarrenak dirala beti
andriak eta gizonak.
|
(Ibaizabal, 1903, Abendua, 27.)
|