Uda ederragua da


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Iraola Biktoriano »  Au poza senti det eta beste bertso asko »  Uda ederragua da

Biktoriano Iraola



Uda ederragua da



Aize izoztu beldurgarriya,
saltoka kazkarabarra,
a zer lagunak txukatutzeko
beartsuari negarra!
Sugurretikan oliyua ta
auzuan ardo naparra,
kalian ezer billatzerik ez,
etxian otordu txarra,
negu beltzian amolatzen da
pobria bakar-bakarra.
Neguba dala gauzik onena
txokaturik det aditu,
eta benetan au esatia,
jaunak, meritubak ditu;
eztula gogor, katarrazua
erozein moduz atxitu,
jateko gogo geiago eta
irabaziyak gutxitu,
erropa xarrak eta eskerrak
ezpazaizkiyo txikitu.


Eguzkiya’re ezkutatuba,
zeruba beti goibela,
turmoi tartetik tximist argiya
sutan bigaltzen dubela.
Zer du negubak nai izateko,
gaiztotzen bada berela?
Geiena jota bere mesere
batek esan lezakela:
oieratzian arkakosuak
pakian uzten dutela.
Ezta ikusten krabeliñikan
menda fiñakin nastuak,
beren lekuan azaltzen dira
zut-zuta masalaztuak;
mendi gañian elurra zuri,
lora lekuak aztuak,
arbol galaiak pir pir egiñaz
banaka dauzkan ostuak,
eta daudenak aize izoztu
gaiztuak jo ta beztuak.


Pobre beartsu kupitubak zer
lezake neguban arki,
bazter guziyak elur aiziak,
ai!, nai baditu ebaki?
Udak portatzen daki mill’aldiz
negubak beziñ obeki,
eztu balio seta gaiztuak,
au erozeñek badaki:
otzak biziya atera eta
beruak ematen daki.
Beti bizi da ganbaran edo
erozeiñ etxe txarretan,
eramaten du jan nai dubena
eman ezkero zorretan;
ez bildur izan, ezta itoko
Bankuko paper zarretan,
diru pillikan naitare eztu
errez jarriko errentan,
Aritz-azpiko indiyanuen
gisa ontzako urretan.


Udaren gabak alaiak dira,
alaiagua eguna,
kariño aundiz asnasten dala
beraren aize biguna;
izoztu gaizto arren ordez da
atsegiña ta leguna.
zabaldutzen du laztandu naian
daraman gozotasuna,
uda ederra orrengatik da
pobre guziyen laguna.
An azaltzen da arto berdia,
azaldutzen da gariya,
erakutsiyaz bere buruba
urre kolorez jantziya;
marrubi gozo, esparraguak,
tomate guri-guriya,
osto tartian jostatzen dala
ginga anpolai gorriya,
matsa, udare, melokotoiak,
eska liteken guziya.


Orrentxengatik pobria danak
beti bizi nai du udan,
ala neguban galdetutzen du
laguntzallia nun duban.
Eta nola ez galdetu beste
ezer ez badu munduban?
Menderatuba baldiñ baleuka
egon gabetandik dudan,
urte osua jarriko luke
uda ederren moduban.


(Baserritarra, 1906-I-17)











     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org