|
Biktoriano Iraola
Zeñek esan?
Gure lumaren arrasto danak,
jakintsu askok diyonez,
argiratzeko ez dira diña
nik irakurri detanez;
eskribatzalle txarrak gerala
diyote, ikusten danez;
ta ni poeta nintzalakuan
egitez nola izenez,
pozez danari kontatzen niyon...
ta ordurako izan ez!
|
Aize putzaren moduan dira
gure zentzuen indarrak,
kemen gabiak, nola sukalde
txokoko egur igarrak;
naitare piztu eziñ diranak
biyotz mugiren txingarrak,
alperrik dira, ai!, gure deiak,
alperrik gure negarrak,
gu jo gaituzte geradelako
danak bertsogille txarrak.
|
Nondik pentsatu nezakian nik,
nondikan eman goguak,
baziradela ezkribatzalle
ni baño abillaguak?
Baldinda esan ez baziraten
Euskal Erriko maisuak
gure bertsuak danak zirala
txarra baña txarraguak,
etzizkiraten biziro errez
neri moztuko eguak.
|
Eta neri nork esango ziran
gure euskerazko lanak
dana guziyak dirala iñon
etartu ez litezkenak?
Asko jakiñak diyote mami
gabiak dirala denak,
biar aundiko zentzu ederra
agitz urruti dutenak,
azaldu diran izkribuetan
izan litezken txarrenak.
|
Mitxirrika bat mandataritzat,
nola joaten dan uxua,
lorarik lora zentzuen billa
bigaldu nuben gaixua;
erramupian ezkutatua
fin-finka xoxua (1)
entzunak bidez erretxiñolen
kanta eztitsu goxua,
bañan etzuben arkitu neri
falta zitzaidan zentzua.
|
Ni ere zerbait nintzalakuan
mintzatu nintzan lenago,
zer naizen jakin detan ezkero
oraiñ damutuba nago;
nere biyotza samintasunen
penaz eroriya dago,
zuek, goititu zeraten jaunak
zerua baña gorago,
barka nazute oraingua ta
ez det egingo geiago.(2)
|
(La Baskonia, 1907-II-20.)
(1) Lerro ontan zerbait falta dala dudarik ez da.
(2) Bertso auetan ikusten danez, norbaitek euskal idazle edo bertso-jartzailleen aurka itzegin du. Nor ote? Bearbada Karmelo Etxega-ray jauna izango da. Ikus aren Apéndice a la obra Noticia de las cosas memorables de Guipúzcoa, Introducción, Tolosa, 1901.
|