|
Biktoriano Iraola
Eguarriyetako turroia
Eztakit zeñek bigaldu ziran
lengo batian
turroi puska bat Alikantetik
nere kaltian.
Añ zan gogorra ormigoi ura,
arraietua!,
asko gizonen buruba baña
gogorragua.
|
Zer egingo det puska zar aundi
oni begira,
ikaratuta ortzak kolokan
jartzen badira?
Puskatutzeko artu nai arren
esku labana,
badakit zierto gerriyetatik
joango zaitana.
|
Zerra koskor bat oroitu nintzan
an sukaldian
biar zubela egon txintxilik
iltze batian;
asi naiz austen sirri ta sarra
egiñaz otsa,
baña aguro galdu ziyozkan
iru-lau ortza.
|
Ezaguturik nere indarra
añ zala utsa,
auzoko bati eskatu niyon
bere laguntza;
maukak jasota an zan aguro
ate oñian,
aizkora luze zorrotz batekiñ
bizkar gañian.
|
Eman diyozka eztakit zenbat
golpe gogorrak,
eun metruan aitutzekuak
Erramun gorrak.
Jo du indarrez nola jotzen dan
zi za aritza,
baña, ai, turroi ormigoizkua
arkaitzen gisa!
|
Ikusirikan alper-alperrik
zala lan ori,
leiotik deitu niyon auzuan
ziran denari.
Baña etzuben ezer baliyo
ango auzuak,
nola indarrez eman ziyozkan
aizkorazuak.
|
Ezta labanik, ezta zerrikan,
ezta aizkorik,
lertuta ere orri zati bat
kentzen diyonik.
Emen egin dan lan guziya da
alper nekia,
zeren turroien ordez bigaldu
nauten blokia.
|
Azkenerako balaz bete det
nere pistola,
au ikusi ta ia biguntzen
ote dan orla.
Nabaiturikan galduba zala
neke guziya,
egondu nintzan ekarritzeko
artilleriya.
|
An dago salan Alikanteko
turroi zatia,
nere partetik nai dubenentzat
pozik utziya.
Iñork nai badu gaur bertan egiñ
beraren jabe,
esan dezala besteren batek
eraman gabe.
|
(Baserritarra, 1927-XII-21.)
|