|
Biktoriano Iraola
Sagardotegiyak
Argiratu nai ditut
lengoko berriyak,
esateko zer ziran
sagardotegiyak;
nik emen kontatutzen
ditudan guziyak,
gezurrak ez diranak
dirade egiyak.
|
Sagardotegiya zan
guztizko illuna,
ezagutzen etzala
gaba ta eguna;
sagardua bikaña,
gañera leguna,
berritxukerirako
askoren laguna.
|
Krisillu bat txintxilik,
nola gero, nola!
Lumera usaia ta
kia dariyola;
iñoiz merezi zuen
alako krisola
jo ta puskatutzia,
arrayiak pola!
|
Arrizko brasero bat
txarra ta zikiña,
Igeldoko arrubi
aietan egiña,
erretzeko mokadu
goxua ta fiña:
bakallu zarra edo
bestela txardiña.
|
Txapelakin aizeka
ondo makurtuta,
kasikan braseruan
sugurra sartuta;
txardiñ zarrak kiskurrez
guziyak gartuta,
jaten ziran piñuben
usaia artuta.
|
Baso bat prestatzeko
eskatzerakuan,
ez beintzat janaririk
laja braseruan;
bada upel gañeko
katubak orduan
salta ta jartzen ziran
beraren kontuan.
|
Ez bazan krisillura
begiratzen gora,
askotan sartutzen zan
babilla lepora;
eta jatxitzen bazan
andikan kolkora,
agur larruba eta
agur alkandora!
|
Errenkaran bi edo
lau banku luziak,
galtzak garbitutzeko
zikiñez pasiak;
katu zulo aundi bat
kaleko atiak,
aizez preskatutzeko
sagardoz betiak.
|
Erozein paretetan
arrimatzen bazan,
zuritu biarrian
beztu egiten zan;
eta broman lurrian
nai bazuben etzan,
lixiban sartuta’re
garbituko etzan.
|
Nola ziraden lujo
aundiyen zaliak,
ikusgarriyak zeuden
goiak eta biak;
kurtina bordatubak
txintxilik pariak,
fiñez ziruditela
armama sariak.
|
Jayian pagatzeko
asteko basuak,
upel aurriak ziran
kleraz markatuak;
guziyak zuzen-zuzen
errenkaratuak,
ziruditela pauso
ikasten kintuak.
|
Sagardo saltzalliak
baziran amonak,
ezkongai, ezkondubak
eta alargunak;
txit ondo itzegiñak,
guziyen lagunak,
eta gañera ziran
danak euskaldunak.
|
Oraiñ luz eletrikak
egiten du argi,
eta guziyak daude
sala bezin garbi;
oraindaño bezela
segitzera, aurki
leku txukunagorik
ez liteke arki.
|
Upel garbiyak eta
sendo josirikan,
ezta erraz arkitzen
ederragorikan.
Baña zer baliyo du
orla izanikan,
ez baldin bada saltzen
sagardo onikan?
|
Lenagoko sagardo,
pitar da zizarrak,
progan jartzen zituzten
gizonen indarrak;
berriyak onak ziran,
txit bikañak zarrak,
baña orain saldutzen
diran denak txarrak.
|
(Euskal-Esnalea, 1912, Azarua, 20.)
|