|
Bitoriano Iraola Aristiguieta. Oroitzak
Nik eztakit zer paper edo periodiku klase azaltzen diran orain. Bat bada, eskaliak bezela ostiraletan goizian zortziyetako kalian dana; bada an ikusten dira tartian tartian gizon gutxi gora berako erretratuak printzipiak balira bezela. Bere egin nai guziya da, lukainka moduku oyek argitara ateratzia, ia pasatzen diran peseta faltsuen moduan eta kontatzia. Don Melinton piano jotzalliak etxia nola daukan jarriya; Juan Ramun txokolateruak amaiketakua non egiten duen, eta Kandido Teapuk andria zer ordutan jotzen duen.
Paper orrek badu eskribatzalle kolore gaiztoko bat, karabinero baten anaya, sartzen dana erozein etxetan, puntillak eta erretortak aterik ate saltzen ibiltzen diran ayen moduan.
Allegatuko da atera, tirako diyo txintxarriyari, eta, eztul oju bat egin ondorian, galdetuko diyo neskamiari:
¿Emen bizi al da Onlako?
Bai, jauna, -diyo neskatxak.
¿Ikusi al nezake?
Galdetzera nua.
Neskamiak egiten du beriala joan etorriya eta diyo:
Galdetzen du ia zein dan.
Esan zaitza, naizela eskribatzalle periodista eta natorrela berri billa.
¿Berri billa? ¡Ez padu eramaten gaur goizian erosi degun eltzia!
Egiten du berriz joan etorriya eta diyo:
Sartzeko aurrera. ¡A! Egin beza mesere oñetaku oyek garbitzia zatar onekin.
Sartu da lustria dariyola ala onlako jaun onen etxian, arro arro, alderdi guziyetara begitatuaz, eta diyo:
Esango zizun neskak ni zein naizen.
¿Zein neska?
Esan nai det, neskamiak.
Esan bada.
Sartu nai nuke barrengo kontu oyetan.
¿Neskatxen kontuetan? ¿Bai al dakizu zer esaten dezun?
Ez, jauna, ez; zure kontuetan. Nik jakin biar det zer ordutan eskribatzen dezun eta zerekin, zenbat alkandora dituzun, galtzak zeñek plantxatzen dizkizun, eta baraua zerekin austen dezun.
¿Baña poliziyakua al zera?
Ez, jauna; ni naiz eskribatzallia ta nator notak artzera azaltzeko paperian, zuk egin dituzun eta egin biar dituzun gauza guziyak.
Ori ikusiko degu.
Gañera etorriko da bigar erretratista bat.
¿Zertara?
Erretratatzera zure mai, sillak, armayo, libru eta zuk usatzen dituzun gauza guziyak.
¿Zera’re bai?...
Baita.
Baña, gizona, nik ez det usatzen ori.
Igual da; egingo ditugu sala, gela, sukaldia eta apala; guk nai deguna da zerbait eraman zure izenian.
¿Zuk eraman ezer nere etxetik? ¡Orixen orregatik! ikusiko degu ¡ju!
¿Zenbat gantzontzillo pare dituzu?
Eztakit seguru esateko, baña erropa zuriz ez nago ain gaizki.
Bueno; ¿gustatzen al zaizu bakallua tomatiakin?
Bai, jauna.
Bueno, bueno. Orain, zure lizentziyakin, etxe guziya errejistatzera nua.
Baña... zu...
Emen ez dago ez surik eta ez urik: gauzak argitara emateko, egin biar dira ikusi. ¿Silla abek zeñenak dira?
¡Zeñenak izango dira, neriak!
Ez; zerekin egiñak diran.
¿Ez dezu ikusten? egurrakin.
¿Eta sillaren estalki oyek zer dira?
¿Oyek? seda doblia.
Etzazula gezurrik esan. Ori da bi errialeko perkala, emen eta Salamancan. ¿Eta au zer da?
Katu bat, joan dan neguan il zitzaiguna eta, tristia, agindu genduen enbaltzamatzeko.
¿Esango al degu zerbait paperian?
Egin zazu nai dezuna. Baña estimatuko nizuke ondo tratatzia, zergatik zan oso biyotz onekua eta garbiya.
Ondo da. ¿Zer dezu beste gela ortan? Ia, ikusi zagun.
Ez; etzaitiala sartu. Or gordetzen degu erropa zikin guziya.
Eta orla, pasatzen diyo errebista etxe guziyari, sarjentuak kintuari bezela, eta noizbait etxetik bigaltzia logratu nuenian enplastu ura, deitu diyot neskatxari, esanaz:
Begira: etortzen bada paperista ori nere galdian, etzayozula utzi sartzen.
¿Eta joan nai ez badu?
Orduan deitu zaitza zeladore bati, zergatik neri eztit iñork errejistatuko etxerik. ¡A! jarri zazu eskoba nere gelako ate atzian.
¿Baña, nausi, etxia garbitu biar al du?
Ez; bizkarra garbitzeko zikiñ arri etortzen bada berriz.
“Baserritarra” 89, 29-2-1908
|