|
Bitoriano Iraola Aristiguieta. Oroitzak
Tira, igo zaitia, Lorentxo; igo zaitia pastel bat eta kopatxo bat artzera. ¿Ez al dakizu gaur nere eguna dala?
¡Gizona! Estimatzen dizut, zergatik eztet artzen, arrantzara joan eta bost librako lupi batek aparejua eraman ziran ezkero; eztakat ezertarako gogorik.
Baña nik nai det igotzia. ¡Ala gora! Filarmonika baten billa atera naiz, jo dezan Katu inprenteruak; ara non daramatan; ¡guazen, guazen, gora!
Baña...
Igo zaitia edo galduko ditugu adiskidetasunak.
Eta nai zuela edo etzuela, an igo ziran Zipriren etxera, non arkitu zan jende pilla batekin, erdi erdiyan zeukatela Zipriren señora, tariñ emien koloreko soiñ eder batekin, lazo oriz betia.
¿Ez al dakizu au zein dan? -diyo gizonak.
Ez naiz konturatzen...
¿Eztakizu batian nola esan nizun, lapak jaten ari zala Tripakirenian, agiña erori zitzayola?
¡Orain konturatzen naiz! Badakizu zure etxian zaudela eta gu oso frankuak gerala. Atera zazu txaketa ori, bero dago ta.
Bai; atera zazu guziya -diyo gizonak.
¿Guziya? Gizona, etzait ondo iruditzen.
Esan nai det, konfiantza guziyan gaudela. Ikusten dituzun abek denak lagunak dira, etorriyak broma aldi bat pasatzera; nola familirik ez degun, penak aztutzeko pasa genezake nai dan umoria.
¿Beraz ez dezu familirik?
Ez gizona -diyo señorak-; izatez izan nituen zazpi; baña denak egatu zitzaizkatan zerura usakumien antzera.
¿Usakumiak zerura?
Esan nai det txuri-txuri, garbi-garbi.
Bien, Rufina, bien.
Izena aztu egin zaizu. Ni deitzen naiz Jalaka. ¿Txokantia ala?
Moro beltzena dirudi.
Nere izebakin bizi zan kapitan artilleri tropako batek jarri ziran. ¿Zeri begira zaude, kristalian sartua dagon orri?
Bai; zer ote dan.
Ori da gure aitonak ibiltzen zuen trikorniyua.
Lorua zala uste nuen.
Ontan asi da Katu filarmonika jotzen eta bestiak kantari, maya biatz koskorrakin juaz, zaldiyen trotia balitz bezela.
Kanta dezala Florak.
Bai, bai; kanta dezala -ziyoten ojuka guziyak.
Flora zan gazte ille ori bat itxusi xamarra. Floraren ama nola nere aldamenian zeguen, esan ziran oso ixillik:
Gaxuak txit boza polita du, baña nola zerbait gaxo dagon eztu mokadu bat progatu nai. Gaur eztu besterik artu, arraultz bat eta remolatxen bi xerra.
Asi danian Flora kantari Arrantzalia naiz ta filarmonikak lagunduaz, guziyak Jaungoikuari eskatzen geniyon, buka zezala irrintzi ura, ito baña len.
Ixildu zanian, diyo Ziprik: “Orain dantzara”. Eltzen dit besotik eta bultzada aundi bat emanaz ala diyo:
Orra zure laguna dantzarako, emakume galanta.
Eta ala zan: soldaduen garita ziruriyen. Nere bizkarren laguntzan, balkoi batetik begira balego bezela, asi zitzaidan kalluak zanpatuaz, bada laja nuenian, nere oñak ziruriten amarna zentimoko bi bollo.
Plater batian ekarri dituzte manteketan egindako eztakit zer zirala, bada pastelak baño linazekin egindako enplastuen itxura obia zeukaten.
Ardo txuriya, basuak bete orduko ustuak ziran juego de manos bezela, eta gerora, musuak gorri gorri eginda, tripari elduaz farrez ala diyo nausiyak:
¿Gabiltzan a la kinkirrinera?
Denak batian altxa ta ala diyote:
Bai, bai; a la kinkirrinera samurrera.
Asi ziran bezela, eskutik elduta jiraka, beriala kataplun erdiyak lurrian ziran. Jo dute filarmonika jotzaillia silla batekin arpegiyan, eta za tiratu diyo filarmonikakin bati, eta ikusirik dana odoletan momentu artan Lorentxok, arrapatu duenian eskalletako atia, etzan asarre arrayiak eze, bañan bai esan ere bere modu:
¡Ez naukate berriz arrapaturik ez Ziprik eta ez beste iñork onlako antzarakeriyetan!
Txuri
“Baserritarra” 92, 11-4-1908
|