Udazkena


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Kalonje Segundo »  Egunkari eta aldizkarietako bertsoak »  Udazkena

Segundo Kalonje

Udazkena

1
Urri-illaren erdi aldean
argia eta leguna,
pozik etxean artu diteke
olako bizi-laguna.
Estimatzea obeko degu
leial ematen zaiguna,
ai, aurten ere zein udarazken
zoragarria deguna!
2
Ta batez ere baserritarrak
biotzez daukagun poza,
zerbait anparo badala beintzat
naiz nai ainbat ezin osa.
Mintasun asko urrutiratu
ta al bagindezke goza,
lore betean orain daukagu
udaberriko arrosa.


3
Intxaur, piko ta arto, babarrun
ta diran sagar aleak,
premirik iñoiz ez da palta ta
guztiok gera zaleak.
Itxaropena edukiarren
izaten dira kaleak,
orduan ere ez gera oso
esker on eman-zaleak.
4
Gure labore arlote oiek:
sagar, arto ta babarrun,
lurraren bidez eltzen diranak
sei illabeteren barrun.
Ta egualdiak gaiñetik berriz
zer nola lagundutzen dun,
jangaia urri degun urtean
iñoiz esteak alargun.


5
Udaberrian esaten zana:
“Aurten ez daukagu ezer!”
Garagarrillak erdia jota
parregarri eta oker.
Baiña geroztik opatzen digu
makiña bat egun eder,
bizitarako moduan gera
udarazkenari esker.
6
Gertatzen dana ikusita ni
ixilik nola gelditu?
Txit aulak ziran landare asko
azkenerako aunditu.
Pentsatzen etzan modura gauzak
dotore erremeritu,
nai duenean orrek okerrak
errez zuzendutzen ditu.


7
Emaleari esker ematen
gogoz asiko bagiña,
orretarako bear genduke
biotzez maitasun piña.
Argaltasunak galerazten du,
ez gera irixten diña:
gu kapaz gera gaizki artzeko
askotan ondo egiña.
8
Alguztidunak ematen digu
guk merezi degun aiña,
orain dijoan bolara onek
badirudi esne-gaiña.
Eguna joan da eguna etorri,
auxe udazken apaiña!
Ipintzen digu nun eguzkitu,
ez gera aseko baiña.


9
Txantxangorriak txio-txioka
egunsentian ertzean,
geroxeago kantari berriz
bat bai zugaitz bakoitzean.
Udara-azkena ez dute uzten
oiek aztuta atzean,
kuxkurxeago ibiltzen dira
negu gogorrak jotzean.
10
Giro onaren indarrarekin
nabaitzen danean sasoi,
bakoitzak bere jatorriari
ematen dio arrazoi.
Euskalerriko txoritxoetan
nabarmentzen dana bat oi,
udara-azkenak txantxangorria
noizpait jarri zuen patroi.


Zeruko Argia, 1971-X-14













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org