|
Segundo Kalonje
Kukuaren otsa
1
Aprikatikan Euskalerrira
kukuak badatozkigu,
mendekoari jarri naiean
zerbait poz eta kastigu.
Esan bearrik ere eztago,
berak or daude testigu,
ku-ku entzuten degunean guk
penik ematen eztigu.
|
2
Itxumustuan entzuna naiz ni
aurten kukuaren otsa,
arrigarrizko zerbait ote zan
jarri zitzaidan biotza;
oiean epel-epel nengon da
neri eman zidan poza,
dirurik gabe aurkitu nintzan,
beste nunbait urre-poltsa.
|
3
Uste gabeko gauzak askotan
gertatzen zaizkigunak, rau!
Lengo urteak lengo dirala
xelebrea aurtengo au.
Ni mixerian bizituarren
orri inporta dio lau,
xentimo baten trabarik gabe
oiean arrapatu nau.
|
4
Udaberriko egunsentian
gogor asten da kantatzen,
biotza zeiñen gogorra duen
askok eztute pentsatzen.
Ez naiz ariko gezurretan da
eztiran gauzak aipatzen,
besterenak txit gorrotatuta
bererik eztu maitatzen.
|
5
Emeak dira seriorita ta
arrak oso señorito,
alkarrengana urbiltzen dira
Mari-zikin da Pakito.
Txantxangorrien ume gaixoak
kabitik kendu ta ito,
gero arrautza berak an egin,
azi dezala ta kito!
|
6
Piztiak ere jartzen digute
esperientzi ederra:
aundia lasai pasiatzen da
txikiarentzako lerra.
Txantxangorriak nozitu bear
kulparik gabeko gerra,
kukua da bat santu-itxuran
kriminala ta alperra.
|
7
Ondo sinistu gauza orrek ni
erruz naigabetzen naula,
indartsu batek koitaduari
oinbesteraiñoko burla.
Txantxangorria berez dalako
biotz-bera eta aula,
kukuak eztu arrazoi txar bat
entzun izandu sekula.
|
8
Eztu usteko ibili danik
iñoiz iñoren kaltean,
lagun urkoa ortxe jartzen du
penaz beteta nekean.
Suerte ori lendandik dauka,
nik eztakit noiz artean,
berak nai duen guztia egin
ta bizi pake-pakean.
|
9
Ari gera ta ez ote degu
zerbait adieraziko?
Alperrak ere eztira beti
nai bezin ondo biziko.
Txantxangorria amaitzen bada
eztu kukurik aziko,
zer pentsatua utziko die
beren denbora guziko.
|
10
Orain artean kaso aundirik
eztio egin erriak,
bere denboran ikusi ditu
une latz eta larriak.
Iñori apal obeditutzen
badaki txantxangorriak,
beste nunebait izan ditzala
esker atsegingarriak.
|
11
Goitik dagonak azpikoari
ipintzen dion jokera:
maitasunezko erruki gutxi,
beretzako nai aukera.
Burutik asi, lepo ta ego,
ipurditikan ankera,
txantxangorria, ematen dizut
euskaldunaren tankera.
|
12
Kukuak nola agintzen duen
txantxangorrien lurrean,
ain urrutitik onuntz elduta
lotsarik ez muturrean.
Dollorkerizko ausardi ori
besteren etxe aurrean,
kontzientzia ondu nai badu
eztabil sasoi txarrean.
|
13
0rri eztio gaizki egiñak
kezka aundirik ematen,
lengo urtetan bezela berdin
jarraitu naiko du aurten.
Kukukumea ia janean
zuen malkoak edaten,
txantxangorriok, eztakit nola
orren leialak zeraten.
|
14
Nere buruan erabili det
bi egaztiren bizitza,
txantxangorriak kuku jaunari
noizbait eman zion itza.
Ta orain bere kontra eztu nai
xotilla dalako mintza,
gogorkerizko aundi-txikian
oso ezberdin dabiltza.
|
15
Kukua eta txantxangorria
biak alkarren onduan,
bat iltzaillea, bestea berriz
dabil maitasun senduan,
Jesukristo ta bere etsaiak
ibili ziran moduan; a
urrera ere billaukeririk
ezta paltako munduan.
|
La Voz de España, 1973-IV-11 eta 14
|