|
Segundo Kalonje
Mendaro Txirrixtakari
1
Jaungoikoari eskeintzen dizkat
mundu ontako pausoak,
ildakoentzat izan gaitezen
al dana biotz jasoak.
Txirrixtakaren oroimengarri
jarri ditzagun bertsoak,
ari begira egiña naiz ni
iñoiz algara gozoak.
|
2
Bertso politak argitaratzen,
artarakoa zan berez,
ura zan baiño obeagorik
izaten ezpaita errez.
Urte askoan munduan bizi,
azkenean illa zarrez,
amaika gazte jarri-azia
aozabalka ta parrez.
|
3
Bizi bearra berekin ditu
guretzat ainbat istillu,
umore ona bear danean
bat nola jarri kaskaillu?
Txirrixtakaren kondaira ori
orra non dagon ispillu,
Euskalerrian bearrezko zan
gaztediaren jostaillu.
|
4
Txirrixtaka zer gizon-modu zan
oraindik etzaigu azten,
ura etzegon arrapatzerik,
nolanai ezpaizan asten.
Berekin zuen doai-mota bat
bertsoak xelebre jazten,
ark bazekian neskatx gazteai
irrintzi egiñerazten.
|
5
Jakin naiean iñor balego
nik esango det zergatik,
kaballero bat bazirudian
jazten bazuan gorbatik.
Iñori parra egiñarazten
etzan ariko gordetik,
itxura txarrik batere gabe
nabarmentzen zan berdetik.
|
6
Bertso-jartzaille artista oso
ta ez izlari motela,
zar askok beintzat pentsatutzen det
ori jakingo dutela.
Parregarrizko itz-neurtuz arek
betetzen zuan papela,
nai zuanari gero salduta
diruz gizendu sakela.
|
7
Gazte denboran egoten nintzan
ni iñoiz ari begira,
kargu artzea merezi nuke
gezurrezkoak badira.
Alakoxe bat, ai!, baletorke
berriro Euskalerrira,
karta bat egin bearko zaio
lenbailen dagon tokira.
|
8
Azkenerako joan bear degu
guztiok tropa zarrera,
aldez aurretik artzea obe
an bear degun sarrera.
Atezaiari enaiz asiko
ezer galdezka txarrera,
esango diot joan nai nukela
Txirrixtakaren aurrera.
|
9
Nere esanik eztedilla joan
ildakoaren kaltean,
lendik sartuta izango al du
aita San Pedrok atean.
Nik Txirrixtaka ikusten badet
mundu ontatik joatean,
broma txiki bat jarri beagu
ango elizen batean.
|
10
Ontaz aurrera eztet ikusten
iñora bide zuzenik,
txorakeriak eztu ekartzen
azkenerako gauz onik.
Ta ixiltzera noa zearo
ezaguera au izanik,
endreatzea ezpaita ona
zeruan dagon gizonik.
|
La Voz de España, 1974-X-17
|