|
Segundo Kalonje
Neguan uda
1
Otsaillaren bederatzian
goizean seitako mezan
izandu nintzan. Ura giroa!
Preskura aundirik etzan.
Geiegizkoa zala zioten;
guk al dakigu zer esan?
Ixi-ixilik egonda obe
bere naia egin dezan.
|
2
Negu gorria izanagatik
ai, ura giro aparta!
Batek ziona: “Onek badakar
legorte edo urpalta”.
Asko jakiñak erakusteko
egin dezatela karta,
noski ez dira ortan asiko
alperrikakoa da ta.
|
3
Gizon zar batek esan zidana
perira joanda lengoan:
sasoi onetan aritza berde
ark ez duala gogoan,
Ama Birjiña Martxokoetan
len izaten dan moduan;
ontatik pentsa Egille orrek
zer eskubidea duan.
|
4
Diran egunik laburrenetan
oinbeste eguzki eder,
beti lanean gelditu gabe
batek egin lezake ler.
Gu lendik gaude txit nekatuta
egal, eskubi ta ezker,
alaxen ere Egilleari
eskeiñi nai diot esker.
|
5
Belarra zorrotz gora naiean
maiatzean bezin trebe,
geroko dauden ekaitz petralak
askorik izutu gabe.
Iruditurik bai ote diran
beuren buruaren jabe,
nola zurituta jarri diran
japondar aranak ere!
|
6
Baldin gogoak eman ezkero
erreza dauka oztutzen,
eskubidea berekin du ta
ori etzaio aztutzen.
Ale geiegi itsatsi gabe
ezpazaizkigu beztutzen,
goizeko lore polit oiekin
ni ez naiz asko poztutzen.
|
7
Ipar aldera gogor dijoaz
antzarrak eta usuak,
zenbateraiño alaitzen nauten
oien egada goxuak!
Kantari berriz entzuten ditut
birigarro ta zozuak,
udaberria badatorrela
esaten dute gaixuak.
|
La Voz de España, 1975-II-19
|