|
Segundo Kalonje
Manuel Olaizolari
(Uztapideren Lengo egunak gogoan
liburua irakurri ondoren)
1
Gure Manuel Olaizolari
jartzera nua bertsuak,
berak tajurik ez du izan da
komeni zaizka batzuak.
Oraindik ere gogoan dauzka
gazte zaneko pausuak,
eldu ta gero egindakoak
buruan ondo jasuak,
aitormen danak merezi ditu
orren gizon doatsuak.
|
2
Atze-atzetik ni ere zerbait
azaldu naiean nabil,
Uztapideren putzu ortara
ezin egin degu murgil.
Bere denboran botea badu
millaka bertso biribil,
gure Jainkoak nai duan arte
bat ezin baliteke il,
gaitzak gorputza jipoitu baiña
animaz indartsu dabil.
|
3
Uztapideren idazte onek
jarri dit eginkizuna,
berarengana amarratu naiz,
ez izan balitz lizuna.
Liburu onak maite nai ditut
nola baitan garizuma,
zu, irakurle, esan nai dizut
txit on egingo dizuna,
zeruak ere zuzenarentzat
geiago du maitasuna.
|
4
Bekaizkeriz ta inkurriuan
ez genduke bear mintza,
baiña askotan lagun urkoa
mendratu nairik gabiltza.
Tankera ortan ez det ikusten
Uztapideren eskeintza;
iruditzen zait gau eder batek
prestu egindako intza,
mundu guztiak jakin dezala
eraman duan bizitza.
|
5
Morrontzan eta artzantzan, biak,
latzago berriz basuan,
nekea zer zan gaztea zala
noski ikasiko zuan.
Goizean egunsentian asi,
jo ta ke egun osuan,
ikazkin batek egur galantak
ibili bear besuan,
txanpon batzuen antsiarekin
ez oso lan erosuan.
|
6
Esaten digu gaiñera berriz
itaiarekin garitan,
bizkar gaiñeko otz aundi gabe
eguzkiaren argitan;
beti makurka jardun bearra
atseden gabe gerritan,
goizean begiz jotako lanak
ezin txauturik sarritan,
oitura aiek bukatu ziran
ta... gaur zer Euskalerritan?
|
7
Etxe aldetik omen zebillen
gerra zabaldu zanean,
geroxeago Antiguako
zerbezerian lanean;
lendik lagunak zirala eta
Zepairen aldamenean,
bertso-saioak lasai egiñaz
gogoa zegoanean,
militar jantzi bearrarekin
komeriak azkenean.
|
8
Une batean aipatzen ditu
gure kastaren berriak,
garrantzi asko ez dute baiña
jakin ditzala erriak;
liburu eder bikain orretan
nik dauzkat irakurriak,
olako gauzak izaten dira
iñoiz atsegingarriak,
malkoz bustita gelditu nintzan
len legor neuzkan begiak.
|
9
Uztapideren gizatasuna
iruditzen zait bapua,
ta bestek ere txartzat nola jo
ori dan bezelakua?
Gerra ondoren urte batzuek
prestu igarotakua;
orrek ezpaitu beera jatxiko
beiñere lagun urkua,
San Josek ere maite duala
jarriko nuke lepua.
|
10
Pentsatu orren ona ez dala
besteren gauzak nastia,
gure Jainkoak nai ote zuan
ni lan onekin astia?
Betiko penik izan etzezan
artu zuan emaztia,
bera edadez aurreratua,
andria gazte-gaztia;
ori egiten duten gizonak
asko izaten eztia.
|
11
Nere barrengo berotasuna
ia biurturikan su,
ipiñi dezun liburu ortaz
zerbait mintzatu natzaizu.
Sortu giñan da Euskalerriko
semeak gera ni ta zu,
orain oitura dagon bezela
emango nizuke musu,
lotsa gabeko ausarta banaiz
barkatu bear didazu.
|
La Voz de España, 1975-III-16 eta 19
|