|
Segundo Kalonje
Indotxinako gerra
1
Pentsatu utsarekin lertzen zait biotza,
zenbat zauritu eta zenbat eriotza!
Gugana iritxi da amaitu dan otsa,
Indotxinako gerra ez da izan motza.
|
2
Mundu ontako martxa dago ikusia,
biotz berarentzako gauza itxusia;
komeni zaielako saldu-erosia,
iñoxente askori kenduaz bizia.
|
3
Indarkeria dago mundu ontan jabe,
iñoxente gaixoen errukirik gabe.
Pentsatuko ezpalitz askoz ere obe,
an gaur gertatzen dana zer kuixidade!
|
4
Gauza ori ikusia nazute neroni,
ta zerbait esatea ez al da komeni?
Nere antz bera duen iñoxente oni
arrika bota die ainbat suzko burni.
|
5
Bear bezela gauzak zuzen esateko,
nun det jakinduria kapaz izateko?
Burnia ona balitz okela jateko,
goseak dabillenak ez luke kalteko.
|
6
Gerrateak baditu amaika komeri,
apurtxo bat bederik badakigu ori.
Ez dakianak nola erakutsi neri,
naiz irakurri arren kondaira ugari?
|
7
Esango dizkitzutet geienak egiak,
ezpaizuen betetzen tokirik ogiak;
borrokan geienean ijeran zorriak,
ta kolkokoak berriz amorragarriak.
|
8
Begi gorri-gorriak gerrateak ditu,
askotan bizkor asi ta nekez gelditu.
Berrik egin nai ez ta len diranak aitu,
zigor gogorrarekin bazterrak zatitu.
|
9
Makiñatxo bat seme eta ainbat aita,
palta dituan asko oroituko baita.
Orrenbeste urtean gerran ibilita,
gerorako badute kondaira polita.
|
10
Urte-pilla batean alkar iltzen gudan,
beste lanikan gabe neguan da udan.
Ez dakit danak ondo esango ditudan,
egia danik ere jartzen bainaiz dudan.
|
11
Indotxinako penak ditugu luziak,
oneraiño ekarri dizkigu aiziak.
Millaka tiroz illak, ta zenbat gosiak?
Munduko izaera gorrotoan ziak.
|
12
Gorrotoa sortu zan deabruagandik,
bera ibiliko da munduan oraindik.
Aitu dan itxurarik ez dauka iñundik,
kea azaltzen zaigu nundik edo andik.
|
13
Lendik dakiguna da zer dan gerratea:
besteren mende soil-soil makur egotea.
Zuk ipiñi zenigun munduko nekea,
danon Errege orrek emazu pakea.
|
La Voz de España, 1975-V-9 eta 10.
Goiz-Argi, 1975-VI-4
|