|
Segundo Kalonje
Pelotariak
(Pelota-Federazioaren
berrogei ta amargarren urteburuan.)
1
Al dan lenena bete bear det
nik egindako promesa,
edo bestela gaindu liteke
zabarkerizko laiñeza.
Pelotariak gaitzat ipiñi,
ortan dago esamesa,
garai batean sonatua ta
ona zan Mondragonesa.
|
2
Gorputzez oso lerdena eta
bi eskuetara trebe,
ta jokatzaille korajetsua
batere beldurrik gabe.
Azkoitiarra irten zitzaion
bere lantegian jabe,
ta ondorengo urte askotan
ori egondu zan abe.
|
3
Anka ta besoz etzan izango
maingua eta errena,
Mariano da txapeldun izan
ta bizi zaigun zarrena.
Ainbeste urte nola igaro
lezake batek aurrena?
Makiña batek aipatua da
Atano irugarrena.
|
4
Noizebait ere eldu zitzaion
txapela utzi bearra,
ainbat urtean danen nagusi
egonda azkoitiarra.
Aundiak ziran Gallastegiren
sasoia eta indarra,
an itzali zan bein sekulako
len ona zanaren garra.
|
5
Gallastegi au eibartarra da
ta ez gizona txepela,
guk ez dakigu zergatik baiña
sartu zioten epela.
Tamalgarria iruditzen zait
bazterreratu zutela,
Barberitori jokatu gabe
eman zioten txapela.
|
6
Guk ez dakigu gauza nola zan,
goibelduta bai laiñua;
askotan ala entzuten degu:
badala trumoi-soiñua.
Aurrera asko luzatu gabe
ontan bukatzera nua:
jokatu gabe pozik jarri zan
txapeldun riojanua.
|
7
Lan egiteko txit onak dira
sasoia eta gogoa,
jakinduria lagun dutela
zer gauza obeagoa?
Bere denboran ez da izandu
ergela eta zoroa,
Barberitori txapela kendu
ziona degu Soroa.
|
8
Argitaratzen ez dauzkat emen
burutazio illunak,
Arriaran da Garzia Ariño
izan ziran txapeldunak.
Amaika aldiz alkarren aurka
jokatutako lagunak,
pelota baitu bere maitea
aspalditik euskaldunak.
|
9
Oien urrena txapeldun zana
badakizute: Ogeta;
gezur kontari ez naiz ariko
danontzako da obe ta.
Nere izkuntza gixarajoan
jarri nai ditut lau letra,
jakinduria azaldutzera
txit beartuak gaude ta.
|
10
Deus ezertxo’re ez nekian da
lengoan esan didate
Elorrioko semea dala
Ilario Azkarate.
Bat aruntza ta bestea onuntz
zabalik dauzka bi ate,
“Pelotaria izan da ori”
benetan askok diote.
|
11
Atano amargarrenarentzat
orain zer esango det nik?
Onentzat ez da iñor iritxi
pixuz geiago ez danik.
Aundiagoa etzala ori
etzaio paltako penik,
urte batean txapeldun bazan
orren txikia izanik.
|
12
Juan Inazio menderatuta
txapeldun izan zan Lajos:
irabaztea gauza ona da
noski izango zuan poz.
Retegik berriz aurrea artu
sasi tartetik atajoz,
ta aurten ere txautu zuala
esanaz ementxe gatoz.
|
13
Erasundikan irten zaizkigu
txit pelotari azkarrak,
beuren sailletan dotore asko
bai neurtu ere baztarrak.
Kentzen dituzte aurrekaldean
ipiñitako zakarrak,
gaur gaur bezela txapeldun daude
osaba-illoba naparrak.
|
14
Oker aundia egon liteke
uste gabeko balantzan,
ordu askotan ni gertatu naiz
ikaraz edo zalantzan.
Itz neurtu batzuk ipintzen ditut
txapeldun oien gorantzan,
ez dakit zer lan egingo nuan
pelotarien baratzan.
|
15
Oroitzen zaizkit gazte nintzala
nere aitonak esanak:
lenago ere ba omen ziran
pelotariak izanak.
Berrogeitamar urte oietan
egin dituzuten lanak,
jendeak asko maite zaituzte,
agur, agintari jaunak!
|
La Voz de España, 1975-VII-10 eta 11
* * *
Sail au ere arkitu degu S. Kalonjeren esku-idazkietan, baiña ondoren beste bertso au duala:
16
Pelota degu gauza polita
ta entzuleok aditu,
gezurrarekin txikia dana
nik ez baitet nai aunditu;
zenbait senditan negar galantak
iñoiz jarri izan ditu
jokalariak galtzearekin,
ezin gindezke arritu.
|
|