Luziano Ormaetxeari


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Kalonje Segundo »  Egunkari eta aldizkarietako bertsoak »  Luziano Ormaetxeari

Segundo Kalonje

Luziano Ormaetxeari



1
Zoriontsua mundu onetan
daukana langille-fama,
izan diteken kargik onena
bere gaiñean darama.
Geronen onez ipiñi zuan
gure Jaungoikoak lana,
alperkeria dalako beti
bizio guzien ama.
2
Bertsorik nola eztedan jarri
nik sei illabete ontan,
esaten dute bertsolariak
danok ote gauden lotan.
Beste gauzetan gertatzen dana
gertatu oi da bertsotan:
irabazirik eztan tokian
galera dago askotan.


3
Denbora eta askatasunez
gu ibiltzen gera urri,
irakurleai adierazteko
nai gendukenaren berri.
Geronen itzak zeiñek neurtua
nola izaten dan sarri,
pentsatu bear ondo bertsoak
zeiñi eta nola jarri.
4
Gaurko aleak zuretzat dira,
Luziano Ormaetxea,
barka zaidazu baimenik gabe
Zeruko Argia-n jartzea.
Bolara ontan ikasi dezu
ondo zer dan supritzea,
baiña pazientziz eraman dezu
bizkarrean gurutzea.


5
Urte osoa igaroa da
irten ziñala etxetik
Basurton dagon sendaetxera,
zerbait osatzeagatik.
Otoitza pranko egiñik gera
egun ura ezkeroztik,
gaitza lagata ea lenbailen
altxatzen zeran oetik.
6
Urtebetean pasa dituzu,
Luziano, oiñaze latzak,
baiña jakin det eztituzula
iñoiz galdu esperantzak.
Emen guziok supritu bear
pobre eta aberatsak,
arrosak baiño askoz geiago
sortzen baitira arantzak.


7
Bi makuluak bota arrika
ta ikusiko zaitut aurki,
kolpean ezta iñor sendatzen,
baizik poliki-poliki.
Sanoaldi ta okerraldiak
pasa dituzu gizonki,
orrelakoak bere garaian
Jaunak ordaintzen badaki.
8
Esan didate laixter zerala
zerbait ibiltzeko eran,
zuk ez dakizu berri orrekin
nik zer poza artzen dedan.
Zu bertsozale purrukatua
beti nola izan zeran,
bakar batzuek kantatuz ia
gu laixter juntatzen geran.


(Makinaz idatzitako orri batetik artutako bertsoak. Goiko aldean, “La Voz de España-n argitaratuak” idatzita dago. Laugarren bertsoak, berriz, Zeruko Argia astekaria aitatzen du. Ez dakigu zer izango dan. A. Z.)













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org