Nere lagun bati aipamenak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Kalonje Segundo »  Egunkari eta aldizkarietako bertsoak »  Nere lagun bati aipamenak

Segundo Kalonje

Nere lagun bati aipamenak



1
Bertsoak ipintzea pentsatu det aurten,
urte au joan baiño len autsi edo eten,
Bergarako Iza-ri zaizkanak esaten,
lendik ez dakitenak ikasi dezaten.
2
Bergaratar bat badet lagun Donostian,
txintxoa izan dana bizitza guztian.
Gudari ibilia itxaso bustian,
bera ontzian eta putzua azpian.


3
Bere izen-deiturak Tiburtzio Iza,
askok ezagutzen du Donostian aixa.
Ibiltzen da gizon on prestu baten gisa,
aspalditxo onetan txit lagun gabiltza.
4
Baditu irurogei eta zazpi urte,
ez dauka kupirarik beste ogei arte.
Bakarren baten paltik izaten badute,
ni noski lenagotik eramango naute.


5
Aundia ez da baiña beti gizon-puska,
maitatuz egin nai det marruska-marruska.
Urean igaroa bere soldaduzka,
ondra ta Osasuna goiko maillan dauzka.
6
Argitaratu nai det nik gogoratua,
al dedan txukunena bertsoz moldatua.
Gazte-gaztea zala itxasoratua,
ontzian ibiltzeko zegon zoratua.


7
Emeretzi urtetan ziñan mutikua,
baiña gaztetasuna ez da betikua.
Habanako neskekin itzegindakua,
orain aiton polita, orduan guapua.
8
Ni ez naiz Amerikan izan egundaiño,
beste paraje asko ere dauzkat laiño.
Zu pozik joango ziñan noski Kuba-raiño,
onuntzean zarrago aruntzean baiño.


9
Milla bederatzireun ta ogeitazortzi,
itxasoko gudari orduantxe jantzi.
Ia iru urtean etziñan erantzi,
ogeitamarrean zuk amaituta utzi.
10
Gaztea geienean odoletan bero,
zoro baten modura jarraituaz ero.
Bizi bearko dala oroitzen da gero
lurrarekin borrokan edo pelukero.


11
Neretzat ez da lanik beiñere errezten,
onenak asiko naiz ni adierazten.
Neskatx politenari noiznai ille mozten,
edo bestela andre ederrak orrazten.
12
Au esan dedala ta ez iñor txunditu,
len daukan izen ona nai diot aunditu.
Gajuak ere iñoiz apaindutzen ditu,
al badet ez det ori nai nik ofenditu.


13
Ugarte txikitxo bat Donostian bada,
oso izen polita dauka Santa Klara.
Udako egunetan joera du ara,
une bat igaroaz lagun zarretara.


La Voz de España, 1975-XI-6 eta 7













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org