Baserria ta baserritar zarrak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Kalonje Segundo »  Egunkari eta aldizkarietako bertsoak »  Baserria ta baserritar zarrak

Segundo Kalonje

Baserria ta baserritar zarrak

1
Baserri gaixo, errukarria,
mintzatuko naiz zugatik,
amaika kolpe eginda gaude
Jaunari esker gogotik.
Bizkarra beti lanez betea
eta arin patrikadatik,
aurrera ere ez du izango
nork igurtziaren paltik.
2
Geure denboran izandu degu
sosegu ainbeste neke,
beste apur bat jaulki ta ere
gutxitxo esango nuke.
Baserritarrak zerbait anparo
ondo merezia luke,
ainbat izerdi boteaz dago
diru gutxigatik merke.


3
Lanean merke ari ezkero
ain ziur dago galera,
orretxengatik gaur sendi asko
inguratzen da kalera.
Gaztea berriz zazpitatik sei
erreztasunan zale da,
baserriak len zuen izenak
burua jetxi du beera.
4
Gaur askok parre egiten dio
baserriari aurrean,
nundik jaten dan oroitu gabe,
lasaitasun ederrean.
Bestela ondo biziko eta
gu zertan jardun lurrean?
Merezi luken esker on ori
ez dauka oso urrean.


5
Gezurra dabil aruntz-onuntza,
gordean dago egia,
ni jakintsua ez izan arren
botatzen diot begia.
Zuzentasunik ez dan tokian
maitasunaren premia,
bestek egiña jan nai dutenak
kentzen digute erdia.
6
Baserritarrak ez du ikusten
iñundik ere laguntzik,
agintariak, ez al zaizute
biguntzen zuen biotzik?
Erregu-bidez itzegiteko
nik ez det izango lotsik,
azken egunak igarotzeko
artuko genduke pozik.


La Voz de España, 1976-III-28













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org