|
Segundo Kalonje
Aingeru eder bat
1
Nere begiak ikusten duten
aingeru eder, laztana,
beste guztiak bat eginda ere
gutxiagoa ez dana;
txikia zala ainbat guraso
arriturikan zeuzkana,
ta orain berriz ni bezelaxe
asko txoratzen dauzkana.
|
2
Ni ariko naiz nere aldetik
orri loreak tiraka,
zatarragoak mundu honetan
milloiak daude millaka.
Alper-alperrik ibiltzea da
zulo miatzen miaka,
danak atzera utziko ditu
bai errez asko pillaka.
|
3
Aingerutxoa, zu nola zaitun
gaur begi askok maitea,
opatzen dizut jator on batek
beretzat eramatea.
Gure Jainkoak emana dezu
edertasunez dotea,
zuretzat ez da paltako iñoiz
eskua zeiñek botea.
|
4
Begi askoren gustagarria,
landare bikain, gaztia,
gertatzen zaizun edertasuna
zeiñi ote da kostia?
Zure esanak gogoan artzen
nik igaro det astia,
ta pentsatu det obe dedala
berri-emale astia.
|
5
Berri-emale batek zedozer
jarri bear egunkariz,
gezur txikiak tarteka iñoiz
irixten ezpada egiz.
Bide berriak danak utzita
lengora joango naiz berriz,
aingeru bati abestutzera
al dedana edergarriz.
|
6
Aberastasun arrigarria
berdingabea ederrez,
zure doaiak ondo esaten
nik ez det izango errez.
Ezin liteken gauzik ezpaita
Jaungoikoaren indarrez,
diamantezko gorputza dezu
jantziz estalia urrez.
|
La Voz de España, 1976-VII-11
|