Bilintxen arrazoiak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Kalonje Segundo »  Egunkari eta aldizkarietako bertsoak »  Bilintxen arrazoiak

Segundo Kalonje

Bilintxen arrazoiak



1
Aurten eun urte il zan gizon baten jabe
norbaitzuk egin dira; zeiñentzat ez obe?
Bilintx igaroa zan ainbat atsekabe,
ezkondu zan artean emazterik gabe.
2
Bilintxen zenbait bertso gazte-gaztetandik,
bein buruan sartuta or dauzkat oraindik.
Berriak ipintzea gogoak eman dit,
laguntzen badit beintzat, nun dabillen, andik.


3
Bilintxen irudi bat balego urretan,
komeniko litzake donostiarretan.
Noski bearko degu geienok zorretan,
sartzen geranok aren bidetxigorretan.
4
Bilintx gelditu zala Donostian ixill,
eun urte bete dira sendo ta biribill.
Aren aurka egin baiño naiago nuke ill,
praille-morroi bezela jarraitzaille nabill.


5
Belauniko jarrita goizean goizena,
erregututzen diot al dedan maizena.
Segundo Moises daukat nik nere izena,
Bilintx maita nai ezik ilko ez naizena.
6
Bilintx zan bertsolari buru argikoa,
biotzaren zain sakon, erdi-erdikoa;
ta kontzientzi jator, txukun, garbikoa,
Donosti maite ontan Euskalerrikoa.


7
Geienok badaukagu lendik aditzera,
barrengo maite-miña goaz eskeintzera,
zor daukagun gai ori zerbait ordaintzera;
merezia daukazun Bilintx, zu ain zera.
8
Nik zuri bakar batzuk ikasi nizkizun,
ia nereak aintzat artzen dizkidazun.
Idatzirik daukazu ainbat eginkizun,
zu etziñan ibiltzen amodioz lizun.


9
Bilintx, apaiña zala zure nortasuna,
sinistu inbidia ematen nazuna.
Geldi baiño lenago txit soil Osasuna,
ni ere azaltzera nua maitasuna.
10
Askok badakizute ez nagola gazte,
lan danak ondo egin ezin bainezazke.
Alare ederrenak mintza nai nituzke,
Bilintxi asiko naiz doai orren eske.


11
Batengana ez nago gustatuta gutxi:
neskatx muxu-gorri bat, izena du Lutxi.
Asmoa nai nioke bertsoz erakutsi,
kokotzaren azpian nai nuke igurtzi.
12
Ezin aserik nabil barrengo gosia,
nik nai nuken ori da izenez Luzia.
Gauza bat badaukat nik buruan pasia:
erregali egingo diot orrazia.


13
Aurrez aurre beiñere etzait egokitu,
begiratzeko ditut milla zirrikitu;
maitasun-sortzailleak doai asko ditu,
nere atsegingarri ojala balitu!
14
Idatzita zaiñetan ipintzen dedanez,
errukituko al da nere oroimenez;
borroka nabillela amodio-lanez,
gogoa galanta ta iñoiz ausartzen ez.


15
Elduko balitzaiket Jaunaren laguntzik,
salto egingo nuke teillatutik pozik.
Munduan ez nuke nik obe nuken gauzik,
zortzi egun baiño len ezkontzea baizik.
16
Lutxirekin banego obe ezkonduta,
barrengo maitasuna ondo apainduta;
zalantzak eta dudak erabat kenduta,
neretzako lirake poza ta konduta.


La Voz de España, 1976-X-16 eta 17













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org