|
Segundo Kalonje
Udara negu biurtu
1
Euskalerriko itxas-ertzetan
au ola komeni al zan?
Udaberria zan bezelaxe
udara dijoa martxan.
Leengo bi urte oietan arro
ibili ziranak dantzan,
aurten ez dira asko gozatzen
arkakosoak ondartzan.
|
2
Ondartzan ekaitz gogorra eta
askotxo daude etxean,
beztu nai eta eguzkirik ez,
kezka txarra biotzean.
Aburrimentu tamalgarria
Kontxatzaz gogoratzean,
baiña potaje ederragoa
gizonarentzat eltzean. (1)
|
3
Giro kaskarrak egiten ditu
ondar gaiñera joateko,
gordean dauden lore onenak
bixtara eramateko.
Danontzat gaizki izan ez dedin
gizonak ez du kalteko,
eltzean baba bigunagoak
izango ditu jateko.
|
4
Broman bezela ari naiz eta
ez beintzat iñor zapuztu,
trixte daudenak nai nituzke nik
al banu pixka bat poztu.
Eguzki ori gordean dabil,
ezin du jenderik beztu,
aurten oraindik berotu baietz
egingo nuke apustu.
|
5
Kaltegarrizko moda berriak,
zenbaitek ez du usteko,
Abisinian bezela asko
konporme dira bezteko;
zakurrak aiña inportantzi ez
diranak erakusteko,
baiña aizeak agintzen die
lotsik badute jazteko.
|
6
Kezka bizitan aurkitzen da bat
zerbait pentsatuta ere,
deabrua ta bere lagunak
sarri ikusten dirade.
Mundu onetan nola dabiltzan
ainbeste milla mirabe,
zoritxarra ta inpernuari
geroko bildurrik gabe.
|
7
Nabarmenkeri asko sortu zan
beste laterri oietan,
ta orain berriz moda ortatik
naikoa daukagu bertan.
Arrai politak ikusten dira
Donostiako uretan,
beuren gorputzak erakusteko
ez dabiltzanak dudetan.
|
8
Nere iritzi labur axalak
orra txit leial agertu,
nik ez det iñor itxusitu ta
ain gutxi berriz edertu.
Dudarik gabe Jainkoa ere
bere onetatik lertu:
neguan uda eman zigun da
udara negu biurtu.
|
La Voz de España, 1977-VIII-7
(1) La Voz de España-n agertu zanez, bi bider etxean punturako. Inprentaren edo uste gabeko oker bat dala derizkiogu. Urrengo bertsoak eltzeko babak aitatzen baititu. Orregatik, bigarrengoan eltzean bear dualakoan, orrela idatzi degu.
|