Aralar


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Kalonje Segundo »  Egunkari eta aldizkarietako bertsoak »  Aralar

Segundo Kalonje

Aralar



Segundo eta bere billoha Ander, Aralar mendiko San Migelen.


1
Donostiatik giñan da irten
aruntz joanean-joanean,
bazterretara begiratuaz
gogotsu bide danean.
Lendabiziko esan nuana
an iritxi giñanean:
“Au izango da txarrean baiño
obea giro onean”.
2
Joan-etorri bat egin genduan
Santa Teresa egunez,
alaba, suigai eta anaia,
osatu nintzan lagunez;
ulertuazten saiatuko naiz
zerbait idazten jardunez,
goi-aingeru bat aitatu nai det,
bera San Migel degunez.


3
Lekunberritik Baraibar urren,
gero ez bide zaillean;
pagadi gazte, lerden, bikaiñak,
milloika metro saillean.
Gora igota mendi xanpal bat
Aralarren egalean,
San Migel antxe aurkitutzen da
ipiñirik apalean.
4
Aralar mendi apal orretan
San Migel dagon tokia,
nekez bederik iritxia naiz
arturik erabakia;
San Donatora begiratzeko
bai paraje egokia,
lengo guraso sinesmentsuak
aintzakotzat edukia.


5
Mendi-gain danak eguzkitan da
laiñoa zegon beetan,
nik nai ainbeste ikusi gabe
jetxia nintzan penetan.
Komeni bada maite gaitzala
gu San Migelek benetan,
Euskalerriak pitxi politak
badauzka euskaldunetan.
6
Aspaldikoa izan bear du
ermita sendo uraxe,
maitasunez ta giartsu dago,
egin zuten bezelaxe.
Ez beintzat pentsa gezurra danik,
egia baita olaxe,
bestela lendik dakian bati
galdetu berealaxe.


7
Ez nintzan iñoiz iritxi izan,
ai, ura gauza apaiña!
Animatikan maitatu nuan
mendi polit aren gaiña;
ezin nezake adierazi
atsegin zitzaidan aiña,
berriro ere joan nai nuke nik
bizkorra ez nago baiña.
8
Ni ez ote naiz ara elduko
San Migel egun batean,
aingeruari otoitz egiñaz
biotzez asmo betean?
Bein edo iñoiz ibili banaiz
lagun urkoen kaltean,
zure premian gertatuko naiz
mundu ontatik joatean.


9
San Donatotik Aralar tarte
utsune ederra dago,
guda-garaian bultzian illun
igaro nintzan lenago;
ta orain berriz berebilletik
zerbait ikusita nago,
erri politak badaude antxe
bat, bi, iru ta geiago.


El Diario Vasco, 1978-XII-20



Segundo Kalonjeren esku-idazkietan sail au ere azaldu da, baiña amar bertso dituala. Amargarrena auxe:

10
Irurtzundikan Altsasuraiño
deitzen diote Barranka,
gazte banego orrera joan da
dantzatuko nuke anka,
erri guztiak ezagutuaz
danak banaka-banaka,
gaztelerarik ez dakit baiña
ez da ori Salamanka.














     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org