|
Segundo Kalonje
Gizona munduan
1
Asieratik erakutsi du
aurtengo Urte Berriak
soiñu berdiña joko dutela
lengo zarrak eta biak.
Arrunt ukatzen dituzten arte
arrazoi garbi-garbiak,
aztu eziñik gogoan dauden
kondaira tamalgarriak,
beste laterri askoren gisa
nola ez Euskalerriak?
|
2
Ez al da ala gaiztokerira
jaio giñala mundura,
Adanen seme Kain biurria
nabarmendu zan modura?
Bere anaia iltzeko asmoz
ark piztu zuan guda ura:
bera betiko kondenatuta
Abel Jainkoak zerura,
orain guretzat zer ote daukan
badaukat naiko ardura.
|
3
Lagun urkoa, iritzitxo bat
labur jarriko dizut nik,
nere belarriz ez det entzuten
eunetatik bi gauz onik:
millaka edo milloika urte
asieratik izanik,
gudarik gabe ezin bizi da
mundu onetan gizonik,
Kainek anaia il da geroztik
ez daukagu maitasunik.
|
4
Maitasunaren leku apala
estaltzen degu gorrotoz,
Kainen lanaren ondoren txarrak
oraindik indartzen datoz.
Onak banaka egongo dira,
gaiztoa geiago askoz;
ainbat erritan ez da aurkitzen
bear litzaken ainbai poz,
aurrerapena goraka baiña
laguntzaz beeraka gatoz.
|
5
Animak eta kontzientziak
zer gogorazten didaten:
jatorriz degun ezker aiena
bein ezin degula eten.
Barruti zital petral ortatik
ez al degu bear irten?
“Lagun urkoa maitatzen det nik”
txit samurra da esaten,
askoz zaillago iruditzen zait
ona ta piña izaten.
|
6
Beti leian nik ikusten ditut
itxasoa ta arroka,
piztiak ere alkar mentzutzen
ozkaka edo mokoka:
gizona berriz armak egin da
suzko burni gaiztoz joka,
kanpantorretik beera bezela
antziñatik dator soka,
Luzifer zarrak nunai jartzen du
gure arteko borroka.
|
7
Beartsuari ipintzen dizka
makiña bat lan da neke,
guda-garaian alkar iltzen da,
beste egunetan merke.
Geure begiz guk ikusten degu
itxutzeko ainbeste ke,
bekaizkeririk ezpagendu ta
biziko bagiña pake,
gutxieneko zazpitatik sei
santu egingo giñake.
|
8
Nik aitortzen det geroko orrek
beldur ematen didala,
mundu ontara zoritxarrean
geiegi sortu giñala,
Jesukristoren pauso tristeak
errukitsuak zirala.
Argaltasunak makurtzen gaitu
errez nola edo ala,
esan liteke deabruaren
morroiak asko gerala.
|
El Diario Vasco, 1979-I-12
Goiz-Argi, 1979-I-20
|