|
Segundo Kalonje
Aur-kontu
1
Lenengo lana nik auxe nuan,
orain berriro aur-kontu,
irabaztera saiatua naiz
al dedan ainbeste puntu.
Loxintxerua ez izan arren
iñoiz jartzen det kontentu,
len ikasita dauzkatalako
dozena-bat ume-kantu.
|
2
Ixil bolara igaro eta
beste aldi bat negarrez,
nik au gozatzen ez det izaten
iñoiz uste bezin errez.
Umeak asko bear du, baiña
diran ordu danak lo ez;
udaberrian, ondo bagera,
apaindu bear det lorez.
|
3
Obe bearrez ipiñi naute
aur zaintzearen langintzan,
garai bateko sasoiarekin
naiago nuke argintzan.
Billoba eta ni biok orra
munduan nola gabiltzan,
neroni ere onen moduko
ume len izango nintzan.
|
4
Oraindik ere oroitutzen naiz
ni aitonaren besuan,
iztargaiñetan astintzen nindun
pozez maitasun osuan,
kokotza eta bere bi ezpain
laztanduz nere musuan;
aren bizarra etzan leguna,
zulatu egiten zuan.
|
5
Ankaz ta besoz egonagatik
nagia edo baldarra,
besterik ez dan tokian beti
bada norbaiten bearra.
Bart arratsean ez naiz entzuna
lenengo ume-negarra,
gazte ergela baiño obea
ez al da aitona zarra?
|
6
Umerik iñon daukagun arte
maitasunez nai lagundu,
amar urtetik onuntz ez gera
esnegaiñetan egondu;
lana eginda ordaiña zuzen
bederik izan bagendu...
Gure ordez bai besteren bizkar
dabiltzanak munduz mundu.
|
7
Abendua ta ilbeltza beti,
jakiña, eguna motxian,
esan zidaten: “Zuretzako lain
lan izango da etxian”.
Mutikotxoa jartzen didate
lau kurpillezko kotxian,
egunez ni naiz onen gidari,
aita-amak arratsian.
|
8
Zerutik irten dan albiste bat
nigana iritxi da-ta,
billobatxori abestutzeko(1)
doairik nik ez det palta.
Ziurtasunik ez daukat baiña
berak ipintzen du planta,
osasuna ta jan-gairik badu
aziko dala galanta.
|
9
San Juan bezperan jaioa da ta
adin au ez du besterik,
ezagutzen det jalea dala,
nabarmendu da gazterik:
zuku, potaje, txitxia janda
ez du utziko postrerik,
gure Jainkoak naiko ote du
ni ta au laian asterik?
|
10
Euskaldun batzuk jakingo dute
ni berriketan arita,
billobatxo au nik nere ustez (2)
ez daukat aspergarri ta.
Aurpegi mardul sendoarekin
begiak zabal jarrita,
begira nagon ainbeste aldiz
gogoratzen zait Txirrita.
|
EI Diario Vasco, 1979-II-21
Goiz-Argi, 1979-III-3
(1) El Diario Vascon-n: billobari. Baiña billobatxori idatzi degu, neurria osatzearren.
(2) Berdin.
|