Arrosari


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Kalonje Segundo »  Egunkari eta aldizkarietako bertsoak »  Arrosari

Segundo Kalonje

Arrosari



1
Etxe-ormaren dotoregarri
loretan zauden arrosa,
alde batera ain ederra da
ematen didazun poza:
bestera berriz ezin nezake
atsegin aundirik goza,
ia lengoan joan ziñalako
kastillanekin Burgosa.
2
Aizu, arrosa, zure loreak
ez al dira tentagarri?
Naiago nuan ezpazinduten
etxe-aurre ortan jarri.
Makiña batek botatzen die
kiñua azkar alkarri,
lengo batean ibili naute
iru atsok larri-larri.


3
Arrosa onen albotik ez naiz
asko irteten iñora,
lengo batean azaldu zaizkit
onuntza iru señora.
Esan zidaten: “Ola ez dezu
errez pasako denbora;
nai al zenduke gu egunero
inguratzea ondora?”
4
Nola arraio utziko nien
nik egin gabe kasorik?
Neri entzuten gelditu ziran
burua gora jasorik:
“Laguntza ona neukan nik baiña
ez det nai arkakosorik,
eta aien lagun bazabiltzate
ez eman onuntz pausorik”.


5
Batek esan du: “Nere gizonak
izena du Jose Jerman”.
Bestea berriz arrosa eske
gogor jarduten da teman.
Ezagutu det irugarrenak
zer korapillo daraman,
apaltasunik etzutelako
batere ez nien eman.
6
Zortzi bertso nik bota dizkiot (1)
arrosari aurpegira,
naiago nuke Euskalerrian
mesedegarri balira.
Nork bere gauza zuzen zaitzea
oso komenigarri da,
zu nai zaituzten ausartak emen
iñoiz agertu oi dira.


El Diario Vasco, 1980-VI-4



(1) “Zortzi bertso” esaten du Segundok, baiña sei bakarrik agertu ziran egunkarian. Leku-faltaz beste biak kanpoan geldituko ziran.













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org