Bakoitzak bere gaitzak


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Liburu digitalak »  Kalonje Segundo »  Egunkari eta aldizkarietako bertsoak »  Bakoitzak bere gaitzak

Segundo Kalonje

Bakoitzak bere gaitzak



1
Nola austarri izaten baitan
beti asteazkenean,
neri beatza kendu zidaten
garizumaren lenean;
ain zuzen-zuzen otsaillaren
ogeigarren egunean,
ni ez ote naiz jarriko, jaunak,
noizpaitxo zorionean?
2
Nere ankaren opor aldeak
badilu illabeteak,
makiña bat gau igaro ditut
miñez gaiñezka beteak.
Gutxieneko sei edo zazpi
desegin zaizkit urteak,
askori pena emango dio
mundu ontatik joateak.


3
Askotan jardun izan oi gera
geure iritzi batean,
pentsatu gabe izan leikenik
animarentzat kaltean;
beldurrez eta kezkati nago
dan-dan noiz entzun atean,
Jaungoikoak zer esango didan
emendik eramatean.
4
Askotxok pena izango degu
mundu ontatik joateko,
beldurra ez da askoz obea
aruntza eramateko.
Sinismena ta garbitasuna
guk ez ginduzke kalteko,
edo bestela Jesusen Amak
ez gaitu asko maiteko.


5
Pekataritzat nere burua
nik epaitzen det benetan,
nere akatsak badakizkite
sortu nintzan lur onetan;
damutasuna eldu danean
ementxe nago penetan,
Jesusen aurka ez naiz asiko
itz astun nabarmenetan.
6
Bein il ezkero ez dala ezer
emen askotxok diote,
ori esaten ari diranak
miña ematen didate.
Jesus gabeko jakintsu oiek
ez ote daude arlote?
Illargi, eguzki, millaka izarrek
Jabea nunbait badute.


7
Ni garizuman egondu nintzan
miñak erabat jausita,
ta inguruko danak esanez
“laister ilko da” etsita.
Maitasunezko agerpen batek
ez du poztutzen gutxi-ta,
il da gero ere etzait aztuko
Arrietaren bixita.
8
Zutaz askotan oroitutzen naiz,
Joxe Mari Arrieta,
gazte orrek, zuk, artu zenduan
ni bixitatzeko beta:
bide askorik ezin igaro
bi makulukin errenka,
ezin nezake iñoiz pagatu
merezi dezun errenta.


9
Etsipenaren mende nengola
ezin iraunik miñetan,
agerpentxo bat egin zenidan
pozgarri, alajaiñetan!
Gauza ori nola sortu zitzaizun
zuri buruko zaiñetan?
Txerrimunirik ez det izango
zuretzako ordaiñetan.
10
Geiago ere izango dira
ni bixitatutakoak,
merezi haiño askoz geiago
mesede egindakoak;
oi azpiraiño irteten ziran
nik botatako malkoak,
txarren artean gauz onak ere
opatzen ditu Jainkoak.


11
Ezjakin batek nola ditzake
gauz astunak erabaki?
Sinismenaren argitasuna
bakarrik nezake jaulki;
gurutzeturik gu salbatzeko
il zanak guztia daki,
azken arnasak ditugunean,
Kristo, zuk izan erruki.


El Diario Vasco, 1980-X-15 eta 16













     

euskaraz.net © Euskararen Donostia  ·  Konstituzio plaza 2, 20003 Donostia  ·  tel. 943483750 - Faxa: 943483765 
udala_euskara@donostia.org