 |
|
 |
 |
|
Segundo Kalonje
Beti zerbaiten palta
1
Bertsoak jarri nai ta gairik ezin arki,
beti zerbaiten paltan ez nabil ederki.
Gaitz onekin bistatik gordeko naiz aurki,
zenbat sufritzen dedan zeiñek erabaki?
|
2
Au erabakitzera iñor baletorke,
borondate osoan laguntzera merke;
ez nioke jarriko lertzeko lain neke;
naiko babaz ta artoz mantenduko nuke.
|
3
Nere samintasunak ondo neurtzekotan,
ez du egon bearko gau ta egun lotan.
Batzuetan miñez ta disgustoz askotan,
sufritzen ez duanik nor da mundu ontan?
|
4
Itzegitera noa nere sufrimentuz,
gaiztoarekin beti ibiltzen naiz kontuz;
ta onarekin berriz ez irixten puntuz,
gauz oiek badakizkit lendik eskarmentuz.
|
5
Sinistu ez nagola eskarmentu gabe,
munduan igarota ainbat atsekabe.
Kontzientzia daukat apal edo bare,
denbora gutxi barru ilko banintz ere.
|
6
Geienok baditugu nork bere akatsak,
xamurtuko al gaitu piperra ta gatzak.
Jesusek esandako egi zuzen latzak,
sinisten ez badira gu ez aberatsak.
|
7
Beti urruti nabil aberatsengandik,
arlote jaio eta beartsu oraindik.
Jesus aitatutzea gogoak eman dit,
ea laguntzen didan nundik edo andik.
|
8
Betikotasun ori ez da egun biko,
orregatik jartzen naiz iñoiz belauniko
Jesus erokerian etzan ibiliko,
artzaz sinista zagun ta ez gera ilko.
|
9
Aspaldi illak ditut aita eta ama,
aiek utzi zidaten beartsuen pama.
Beti zerbaiten paltan pozgiroz ez dana,
mundu ontan badago prakak bete lana.
|
10
Lanerako gogoa nuan nik dotia,
orregatik izerdi asko det botia;
ni zuk nai dezunian mundutik juatia,
Jauna, neretzat izan zeruan lotia.
|
Segundo Kalonje adiskidea etxean bisitatu nuan batean, arek esan eta nik papereratutako bertso-sailla. Iñun argitaratua dan ez dakit. A. Z.
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |