|
Segundo Kalonje
Iparragirre oroituz
Doiñua: "Iparragirre abilla dela...”
|
Iparragirre abilla dela
|
|
|
1
Iparragire, zure doiñuan
sarritan ez naiz jardun da,
lengoan nere laguntxo batek
zerbait beartu nindun da;
ta ni oso gustora,
sartu nintzan zestora,
sosegurik ez iñun da,
gure Jainkoak danok iltzeko
lurrera bota gindun da.
|
2
Iparragirrek berak sortuta
moldatutako bozean,
ni lo nagola amets egiñez
esnatua naiz goizean;
barrendik oso alai,
azaletik ere bai,
ausnartuz bide luzean,
euskaldunaren lengo lege zar
aiekin ezin asean.
|
3
Iparragirrek berea zuan
gitar apal maite ura,
mundu ontatik zerbait bear da
eramana da zerura.
Aingeru danak lagun,
eztia bezin legun,
santu on baten modura,
gaur ere, arren!, eduki zazu
euskaldunaren ardura.
|
4
Iparragirre esaten dute
zala kantari artista,
malizi gaiztoz zebiltzanentzat
su piztutzaille tximixta.
Mintzatzen zana egiz,
ez ikusi nai begiz,
gazterik sena ta bixta;
ark ziona zan: “Euskotarra naiz
ta ala izango naiz ta”.
|
5
Iparragirre, orra zer dan gaur
guk dabilkigun jantzia,
gorrotoaren morrontzan dabil
askoren kontzientzia.
Ainbat aize sorturik,
alkar ezin arturik,
nunaitik alderantzia;
alderdi danak pintatzen dute
bakoitzak bere ontzia.
|
6
Iparragirre, ezagutzen det
ain dala gauza tristea
billaukerian uxatu eta
ate guztiak ixtea.
Baiña zure biotza,
sendoa ta zorrotza,
Jainkoak nai irixtea
zeu jaio ziñan kabi maitea
il baiño len ikustea.
|
El Diario Vasco, 1982-X-15
|