|
Segundo Kalonje
Eiztariak
1
Eiztari oiek ez dute palta
mixeri petral tristerik,
apiziorik ez duan batek
ezpaitauka sinisterik.
Zaletasuna izandu nuan
nik ere gazte-gazterik,
ta orain berriz ez det ikusten
ogei txolarre besterik.
|
2
Udarazkena ala joan zan
da berdintsu goaz neguan,
mota danetik orren eiz gutxi
nik ez det beintzat goguan:
eiztariaren bizimodua
pentsatu nola daguan,
maiatza arte nik naiago det
aize epela albuan.
|
3
Elurrarekin izotza asten
bada iparretik gogor,
akaso eiza etorriko da,
nai ez dutela, derrigor.
Aate, klixka ta egaberak,
iztingor edo oillagor,
otzik ezpada an bertan goxo,
alderantzia dago or.
|
4
Txantxangorriak emen iñoizka
doi-doi azaldutzen dira,
ganbaran ezer bai ote dagon
zugaitzetatik begira:
ta oiek ere jotzen badute
oraingo moda berrira,
sekula berriz ez da elduko
kukurik Euskalerrira.
|
5
Txantxangorria asten bazaio
kuku-jaunari zapuzten,
lengo moduan ez da jardungo
besteren umea azten.
Gauzak aldatu dira erabat,
ez al degu ba ikusten?
Beurak ondoen jakingo dute
len zer oitura zituzten.
|
6
Kuku entzunak izango dira
noski Pazkoetarako,
zugaitzak ere berdez jantzi bat
egun santuetarako.
Besteren ume azitzaillea
biotz xamurra dalako,
txantxangorria bizi dan arte
kukurik ez da paltako.
|
El Diario Vasco, 1983-I-21
|